Izenburua: Kakalarria!
Idazlea: Alessandra Requena
Ilustratzailea: Guilherme Karsten
Itzultzailea: Nahikari Gabilondo
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2023
Orri kopurua: 36
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Album ilustratu hau idazlearen nebaren istorio erreal batean inspiraturik omen dago. Tonu umoretsu eta dibertigarrian, esfinterraren kontrolari buruz hitz egiten du. Irakurleari lasaitasuna emango dio jakiteak guztiok izan ditzakegula ezusteko jarioak edo ihesaldiak.
Oporretako lehen egunean, eguzkia bero datorrelarik, neskato bat (narratzailea) eta haren neba txikia (Mark) apartamentutik igerilekura jaisteko irrikaz daude. Aitarekin hainbat arinen jaisten dira, jarlekurik hoberenak hartzeko eta uretara salto egiten lehenengoak izateko asmoz. Guztia prest daukatela eta inork komunera joateko beharrik ez daukala ziurtatu ondoren, eskaileretan behera abiatu dira, guztira 168 eskailera maila igerilekuraino.
Lehenengoak izatea lortzen dute eta uretara salto egin dute umeek. Baina orduan…”Aita! Kakalarria!”, dio Markek. Ai ene, gauza guztiak hartu eta badoaz eskaileretan gora eta gora etxeraino, pertsonaia ugarirekin bidean gurutzatuz (hiru amona, bi haur, haurdun dagoen emakumea). Mark komunean esertzen denerako, kakalarria joana zaio.
Berriro jaisten dira, beraz, eta berriz gertatzen da: “Aita! Kakalarria!”, Markek. Ez da txantxa. Gauzak bildu, goraino arnasestuka eta arrapaladan iritsi, komunean eseri, eta oraingoan ere, kakalarria joanda.
Hirugarrenez bajatzen dira igerilekura, eskaileretako pertsonaia trafikoa zeharkatuz (txaranga, eraikuntzako langileak, hiru flamenko..). Orain, modu nabarmenean, ez ziren bakarrak, baina umeek uretara jauzi egin eta aita hasperen eginda esertzen da. Eta orduan…hitz beldurgarriak berriz: ”Aita! Kakalarria!”. Aita nekatuta eta etsita dago, ez dauka indarrik berriro gora igotzeko. Markek ezin dio eutsi eta kaka egiten du uretan; denak igerilekutik ateratzen dira eta berari begira geratu. Umearentzat oso egoera lotsagarria den momentu horretan, eraikuntzako langileetako batek, behin igerileku batean kaka egin zuela aitortzen du. Eta bata bestearen atzean (pirata, mozorrotutako umea, haurdun dagoen emakumea, arrebak…), nahi gabe kakak ihes egin zieneko istorioak kontatzen dituzte.
Ilustratzaileak, nagusiki fondo zurian kontrastatzen duten irudi koloretsuak egin ditu, uda giroa iradoki dezaketenak. Istorioaren jazoerekin eta erritmo biziarekin bat eginez, dinamismo handia erakusten dute, eta pertsonaien aurpegiek, momentu bakoitzean sentitzen dutena oso ondo adierazten dute.
Orrialde bikoitzeko irudiak, orrialde bakarreko zein biñeta txikiagoko atalekin tartekatzen dira, irakurketa erritmoan eragiten dutenak. Orrialde bikoitzetako bat, bertikalean irakurtzen da, eskaileren itzelezko luzera erakusten duelarik.
Hasierako babes-orriek, igerilekuko ur urdina irudikatzen dute. Bukaerako babes-orrietan, aldiz, ur urdin horretan kakaren orban marroiak ikus daitezke.
Imanol Merceroren kritika Berrian