Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Josi eta josi

Idazlea: Itziar Moreno Martinez

Ilustratzailea: Itziar Moreno Martinez

Argitaletxea: Txalaparta

Urtea: 2023

Bilduma: Axuri beltza

Orri kopurua: 40

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Liburu honek matxoak 8ko emakume langileen nazioarteko egunaren jatorria zein den kontatzen du, gertaera erreal batzuk narrazio bihurtuz.

Nazioarteko egun honen jatorrian hainbat gertaera egon zirela esaten den arren (1911ko alkandora lantegiko sutea, 1910eko Sozialisten Nazioarteko Konferentzia, Clara Zetkin borrokalari alemanaren emakumeen aldeko borroka...) kasu honetan 1908 urtean, New Yorken, Cotton Textil Factory lantegian izandako sutea aurkezten zaigu emakumeen eskubideen aldarrikapenen abiapuntu.

Istorioa New Yorken kokatzen da, jantzi fabrika batean. Bertan langileek lan baldintza kaxkarretan josten zituzten jantziak, gau eta egun, atsedenik gabe. Haietako batek ugazabari lan baldintza hobeak eskatu zizkiola-eta, kaleratu egin zuten. Elkartasunez, bere alde egin zuten beste langile guztiek, greba martxan jarriz. Ugazabak eskaerak onartu zituelakoan, langileak fabrikara itzuli ziren eta, hantxe, sua eraginda, guztiak hil zituen. Guztiak, bat izan ezik. Honek zabaldu zuen gertatutakoa, gaur egun ere gogoan izan dezagun emakume langileen aldarriaren beharra.

Ilustrazioek, nagusiki txuri beltzean eta tarteka kolore gutxi batzuk nabarmenduz, testuak dioena irudikatzen dute emakumeen eta ugazabaren ekintzak nabarmenduz, atzealde zuriaren gainean, inguruari garrantzia kenduz. Zintzoen eta gaiztoen arteko dikotomia nabaria da, bai testuan baita irudietan ere. Aldarrikapen eta borroka baten abiaburua haurrei irakasteko asmo argia duen ipuina.


Josi eta josi