Izenburua: Izaki bizidunen liburu handia
Idazlea: Pascale Hédelin eta Didier Balicevic
Ilustratzailea: Didier Balicevic
Itzultzailea: Aztiri itzulpen zerbitzuak
Argitaletxea: Ttarttalo
Urtea: 2023
Orri kopurua: 28
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Dibulgazio generoko lana da eta testuak deskribatzaileak eta tonu neutrokoak ditu. Liburua hamar azpi ataletan banatzen da, azpi atal bakoitzak bi orrialde hartzen dituelarik. Azala eta orrialdeak kartoi lodiz eginak daude, eta azalpen-hegal mordoz hornituta dago.
Orrialde bikoitz bakoitzean gai bana aurkezten da marrazki koloretsuekin. Irudien alboan eta azal-hegal barnean testu laburrak daude. Lehen orrian, bizitzaren kokagunea den Lurra planetatik hasi, eta ur tanta ñimiñoan ere dagoen bizitzak pizten du irakurlearen arreta. Hurrengoan, bizitzaren historia laburtzen da kronograma batean, eta honen bilakaera espiral formako azal-hegalean aurkezten da irudi sinbolikoak erabilita. Lorategian egun eta gauez dauden bizidunak, ugalketa, hazkuntza, elikadura, komunikazioa, elkartzea eta beraien habitat edo bizilekuak suntsituak izanagatik hirian bizitzera egokitu diren animalia eta landareekin ixten da gaien sekuentzia.
Ilustrazioak garrantzitsuak dira, aukeran ia sinbolikoak diren irudiak erabili dira, lerrorik gabe eta tinta lauko ordenagailuz eginiko marrazkiak, kolore bizi, alai eta deigarriak dituzte. Infografiak dira nagusi, irudiak eta testuak elkarren osagarri izanda informazioa ematen dute. Liburuaren bereizgarri nagusia orrialde guztietan dauden paper zati zabalgarriak dira.