Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Istripu handia

Idazlea: Izaro Arroita

Ilustratzailea: Josevisky

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2023

Bilduma: Lina plastilina, 1

Orri kopurua: 88

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Narrazio fantastikoa da, hamahiru kapitulutan banatuta. “Lina plastilina” bildumako lehen zenbakia da.

Eskolako laborategian gertatutako istripu baten ondorioz Lina plastilinazkoa bihurtzen da. Hasierako algara eta sorpresa estutasun bilakatzen da eta, bere gorputzaren malgutasunari esker, salto batez irakurleak eskuetan duen liburuan ezkutatzen da. Liburua eskolan dago eta gela ezberdinetako umeek barruko neska agurtzen dute maiz. Baina behin mutiko batek bere eskolatik ateratzen du liburu hau eta hala eta nola zirkuan agertzen da. Bertan Linak artistak ezagutzen ditu eta ikuskizunean parte hartzen du. Lehengo pasarte honetan emakume bizarduna ezagutu eta bere tristura arintzen laguntzen dio, zirkuari estilo berria emanez.

Bertan egoteaz nekatzen denean, berriro bueltatzen da liburura, eta itsas-bidaia batean agertzen da. Bigarren abentura honetan aspertuta zegoen neskatila bidaiaria ezagutu eta berarekin egunak ematen ditu. Halako batean olagarro erraldoi batekin topo egiten dute eta Linak izaki beldurgarria uxatzen laguntzen du. Amaieran beste abentura baten bila abiatzen da, bukaera irekia utziz.

Liburuaren egitura jolas bat bezalakoa da, non protagonista liburuko orrialdeetan sartu eta ateratzen den. Ilustrazioek joko hau ulertzen laguntzen dute, beltzean nabarmendutako letren artean agertzen baita, neskatoaren marrazkitxo txiki eta xumeekin. Beste xehetasun bat izan daiteke kapitulu bakoitzaren azken lerroetan hitz nabarmenak agertzen direla, piktogramak bezala ia, hurrengo kapituluaren izenburua aurreratzen digutenak.

Irudiak oso garrantzitsuak dira protagonista liburutik kanpo dagoen jokoa ulertzeko. Marrazki hauek koloreka antolatuta daude eta neskatilaren mugimendu arinak azpimarratzeko erabat lagungarriak dira. Pastel kolore urdina eta arrosak neskatilaren plastilinazko edo hobeto esanda, txiklezko itxurarekin bat egiten dute. Era berean, testua bezala, oso narratiboak dira.


Istripu handia