Izenburua: Iratxoak eta basoko sorginkeria
Idazlea: Maider Ávila Arenas
Ilustratzailea: Ivan Oneka Basaldua
Argitaletxea: Mezulari
Urtea: 2023
Bilduma: Gookapi, 1
Orri kopurua: 48
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Album forma eman dioten ipuin ilustratu bat da, testuinguru fantastiko batean kokatua eta naturaren inguruko kontzientziazioa eragin nahi duena; horretarako, azalean adierazten duenez, hitz eta irudiez gain “errealitate hedatua” baliatzen du.
Gookapi izeneko basoan hasten da istorioa. Bertan bizi diren iratxoak kezkaturik daude ke beltz batek bizilekua kutsatuko dielako eta, hau saihesteko, indarrak bateratuko dituzte Zazkatan munstro maltzurraren aurka. Bidean izaera eta ezaugarri desberdinak dituzten iratxoak eta zuhaitzak aurkezten zaizkigu, jakintza liburuak gogora ekartzen dituzten formatuak erabiliz (testu lauki laburrak txertatuz xehetasun-marrazkien ondoan, esaterako).
Ilustrazioak, salbuespenen bat kenduta, hondo zuriaren gainean eremuka eta kolore biziz marrazturik daude, espazio ugari utziz. Egungo animazio askok darabilten estetika antzerakoa erabili da: buru handi eta gorputz txikidun pertsonaiak, bideojokoetako grafikoak diruditen eszenografiak eta, istorioak eskatzen duenean, xehetasunak hurbiletik irudikatuz. Ilustrazioek ez dute ardura narratiborik, testua azpimarratu edo indartzea dute helburu. Orrialdeetan zehar QR koderen bat edo beste agertuko zaigu marrazkiotan txertaturik, abesti bideoklipetara garamatzatenak, besteak beste.