Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Irati

Idazlea: Juan Luis Landa eta Joxean Muņoz

Argitaletxea: Erein

Urtea: 2023

Orri kopurua: 174

Adina: 14tik gora


Laburpena:

Erein argitaletxeak Irati tetralogiaren lehen hiru abenturak euskaraz argitaratu ditu lehenbizikoz 2023an, Irati izenburupean. Bertan topatzen dira Autzaren esnatzea, Boldroren domina eta Iratiren zigorra istorioak. Xabiroi aldizkariak, berriz, sailaren jarraipeneko 4. albuma, Saiak, euskaraz atera zuen 2007an.

Lehenengo alea, Autzaren esnatzea, Juan Luis Landak egin zuen osorik. Bigarrenetik aurrera gidoiak Joxean Muñozek egin zituen eta ilustrazio eta koloreak, berriz, Landak berak. Trilogia hau El ciclo de Irati izendatu zuten.

Genero historikoa eta fantastikoa batzen dituen maitasunezko istorioa da.

Irati eta Eneko dira pertsonaia nagusiak. Eneko Nafarroako errege izatera deitutako kaparea da eta Irati, berak gizatiarra dela pentsatu arren, Mari jainkosaren alaba da. Irati naturarekin bat bizi den pertsonaia da eta haren ordezkaria gizatiarren aurrean. Istorio osoan zehar Luxa izeneko amonak ere, garrantzi handia izango du.

Narratzailea soilik lehenengo alearen hasieran agertzen da. Istorioa garaian kokatu, hortik aurrera ez du istorioan gehiago parte hartzen. Bere ahotsa pergamino moduko kartutxoetan adierazten da.

Pertsonaien elkarrizketa eta pentsamenduak, berriz, globoetan adierazten dira. Musulmanak arabiarrez mintzatzen dira bunbuiloetan eta, itzulpenik egon ez arren, irudien bidez ondo ulertzen da esaten dutena.

Narrazioan tentsio uneek garrantzi handia dute, hainbat modutan adierazten dira. Adibidez, globoetatik kanpo, oihuak; bigarren alean, berriz, larrialdia adierazteko globoek ertz puntadunak dituzte. Azkenekoan, Iratik Mari eta Luxaren hitzak entzuten ditu nahiz eta aurrean ez egon. Horrelakoetan, baina, hitzok ez dira globoetan sartuta agertzen.

Kode ikonikoen erabilera handia da. Kode zinetikoek eta onomatopeiek (estereotipatuak) presentzia handia dute hiru aleetan eta, biolentzia, eguraldia, animalien soinuak eta larrialdi uneak identifikatzeko balio dute. Leku handia hartzen dute irudietan, eta horrek arrisku egoeraren sentsazioa handiagotzen du.

Ideogramek bikain adierazten dituzte pertsonaien harridurak zein zalantzak, eta, onomatopeien antzera, nabarmen laguntzen dute istorio hau girotzen.

Bineten distribuzioa irregularra da, mugimendua iradokitzen dute askotan. Karratu edo laukizuzenak dira lehenengo bi aleetan nagusi. Azkenengoan, berriz, irudiak handiagoak dira eta bineta batzuk orrialde osoa hartzen dute. Irudiek arnas handiagoa dute honela.

Kolorearen erabilpena, deskriptiboa izateaz gain, sinbolikoa ere bada. Testuak beltzez daude idatzita baina arriskua adierazteko bestelako koloreak erabiltzen ditu, hala nola gorriak, laranjak…

Lehenengo bi aleetan koloreak tono ilunekoak dirá: beltzak, grisak, urdinak, berdeak… Bigarrengoan ere bai, baina lehenengokoak baino biziagoak dira, indar gehiago dute. Azkeneko liburuak, berriz, kolore biziak erabiltzen ditu bereziki.

Azal gogorreko liburua, kalitatezko paper satinatuan argitaratua. Babes orriak ere apainduta ditu.


Irati