Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Iraitz Zorigaitz

Idazlea: Gemma Merino

Ilustratzailea: Gemma Merino

Itzultzailea: Iņigo Satrustegi

Argitaletxea: Picarona

Urtea: 2023

Orri kopurua: 40

Adina: 6tik gora


Laburpena:

Gemma Merinoren album ilustratu honek, zori ona sarritan guk uste baino gertuago daukagula ikusten laguntzen digu, nahiz eta batzuetan hortaz ohartzea kostatzen zaigun.

Iraitz Zorigaitz, bere ezizenak iradokitzen duen bezala, beti zorte txarra daukan ahate bat da: piknik-a egitera ateratzean euria hasten da; patinetean jolasean dabilela, gurpil bat askatzen zaio; zabuan soka apurtu; koadro bat iltzatzen, paretan arrakala.

Zorigaitzeko egun baten ostean, zuhaitz bat etxe gainera erorita, nahikoa dela erabakitzen du, eta Hontz Jakintsuaren bila abiatzen da, irtenbide bat emango dion esperantzaz. Hemendik aurrera, kontakizunaren estruktura errepikatu egiten da: Iraitzi ezbeharren bat gertatzen zaio, kezka edo arazoren bat duen pertsonaia batekin topo egiten du, ahateak Hontz Jakintsuarengana doala kontatzen die eta ia non dagoen badakiten, beraiek ezetz, baina Hontza ikusten duenean euren kezka argitzeko eskatzen diote.

Ilustrazioei dagokienez, testuari informazio osagarria gaineratzen diote. Antza, egileak testua eta irudiak aldi berean sortzen ditu eta hau nabaria da, zeren testua soilik irakurrita istorioa ondo ulertu badaiteke ere, irudiek ere narrazioan pisua daukate. Irudi batzuk orrialde bikoitza hartzen dute, beste batzuk, aldiz, biñeta forman ageri dira, kontakizunari abiadura emanez. Testuan aipatzen ez den sagu txiki bat agertzen da ilustrazioetan, ahatearen kide edo lagun moduan.

Egileak adierazi duenez, hau da ilustratzeko jarraitzen duen teknika: lerroak egiteko monotipiaren teknika jarraitzen du. Akuarela eta akrilikoekin kolorea ematen die, eta azkenik, eskaneatu eta Photoshopen lantzen du orrialdeen konposaketa.


Iraitz Zorigaitz