Izenburua: Haize leizean
Idazlea: Elise Diet eta Antton Hariņordoki
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2023
Bilduma: Taupadak
Orri kopurua: 96
Adina: 12tik gora
Laburpena:
Hamahiru urteko neskatila goizean berandu iratzarri da. Antxintxika atera da eskolako autobusa hartzera. Izturitzeko harpeak bisitatzeko plana dute egun horretan Historiako irakaslearekin, gero eskolako proiektua burutu ahal izateko. Hango edertasunaz liluratuta dabilela, lurreko konkor batean behaztopatu, oreka galdu, eta konortea galdu du. Berehala bere burua arbasoen garaiko giroan ikusi du, eta “begitarte zimurreko emazte zahar batek” segitzeko keinua egin dio. Nola gertatu den jakin ez, baina leinu zahar hartako bizitzan sartu da bete-betean. Sei hilabete beranduago bukatuko da istorioa, neskatila musika-ikasketak egiten hasita dagoela.
Eleberria hamabost ataletan dago egituratuta; ez dago aurkibiderik. Kolore biziko azal deigarria du, akelarreen sugarrei keinu eginez. Narrazioaren hasierako sekuentziak kaosa deskribatzen du zehaztasunez, amaren gaixoaren jira desegokiarengatik. Narrazio errealista da. Gai nagusiak ikasketak eta pertsonen arteko harremana dira. Narratzaile orojakilearen hitzak gailentzen dira, baina, tarteka, elkarrizketei ere lekua egin zaie, Iparraldeko euskara ederrean idatzitakoak, hika. Neska protagonistaren hitzek ere lekua dute kontakizunean, lehen pertsonan.