Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Gu, haurtxoak!

Idazlea: Alexandra Garibal

Ilustratzailea: Christine Davenier

Itzultzailea: Aztiri itzulpen zerbitzuak

Argitaletxea: Ttarttalo

Urtea: 2023

Orri kopurua: 32

Adina: 2tik gora


Laburpena:

Kartoizko liburu hau, haur txikien eguneroko ekintzekin lotutako hiztegi irudiduna izateaz gain, beraien esperimentazio eta lorpen prozesuen inguruan ere hitz egiten du irudien bidez. Ekintza bildumen liburua da, obserbazio jolaserako ere balio duena. Eskuineko orrialdeak zabaldu egiten dira, ilustrazio edo paisaia horizontal bat erakutsiz, zeinetan haurrak ekintza jakin batean agertzen diren: janzten, jolasten, jaten, lotan, marrazten, ibiltzen, garbitzen eta elkar maitatzen. Ekintza bat orrialde bikoitz bakoitzeko. Egitura errepikatua du, beraz, liburuak, bai edukiari baita testuari dagokionean ere. Oso testu masa gutxiko liburua da eta formula bera errepikatzen da: Badakigu… eta ekintza bat aipatzen da jarraian. Esaterako, Badakigu janzten da liburuko lehena. Eta jarraian, haur taldea ekintza burutzen ikusten dugu ilustrazioetan.

Ilustrazioak hondo zuriaren gainean eginak daude eta tonu dibertigarria ematen diote liburuari. Izenburuak “Badakigu” dioen artean, irudiak helduen begiradatik bestelakoa dirudiena adierazten du (ilar platera buruaren gainean jartzen; jogurta eskuarekin jaten; besoak, hormak eta lurra marrazten; bainerako ura jolasean kanpora botatzen…). Irudiak atseginak dira, umeak beraien kaxara esperimentatzen, elkarrekin jolasten eta gustura agertzen dira. Ume taldea anitza da, jatorri desberdinetako haurrak agertzen direlarik.

Gainera, ekintza bakoitzeko glosario moduko bat ageri da aparteko orrialde batean, ilustrazioetan ageri diren objektuen marrazkiekin eta horien izenekin. Aurrez esan bezala, obserbaziorako aukera eskaintzen du honek.


Gu, haurtxoak!