Izenburua: Goiz lainotsu bat
Idazlea: Nono Granero
Ilustratzailea: Nono Granero
Itzultzailea: Amaia Apalauza
Argitaletxea: A fin de Cuentos Editorial
Urtea: 2023
Bilduma: Kaltza, Ttantto, Brinko eta Txas, 2
Orri kopurua: 32
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Ipuin ilustratu honek umorea eta misterio zantzuak baliatzen ditu irakurleari irakaspena helarazteko: zeinen ederki gauden lagunartean elkar zainduz.
Goiz batez Ttantto zur eta lur geratzen da leihotik begiratu eta mundua desagertu dela ikustean: lainoak irentsi du dena. Baina Kaltzak azenario batzuk eskatuak zizkion bezperan hainbeste maite duen azenario-pastela egiteko, eta haren agindua betetzea erabakitzen du. Bide batez lagunari bisita egin eta ondo ote dagoen ikusi nahi du. Lagunarengana iristean, ordea, lainoak dena estali duenez, eta elkar ikusi ezin dutenez, Kaltzak zalantzan jartzen du aurrean duena Ttantto ote den, edo nortasun-faltsutzaile beldurgarri bat. Ttanttok bere nortasuna ere kolokan jartzera eramaten duen elkarrizketa absurdo bezain umoretsu batean murgilduta daudela, Brinko eta Txas lagunak iristen dira. Lainoa altxatzen ikustera lagunekin mendi gailurrera igotzera animatzen da Ttantto, eta bertan daudela Kaltza batzen zaie azenario-pastel eta guzti.
Testuak orrialdearen laurdena betetzen du eta koloretako arkatzez egindako ilustrazio xamurrek istorioa jarraitzen laguntzen diote irakurle hasiberriari. Lainoak dirauen bitartean gris tonua baliatu du ilustratzaileak itzalen bidez egoera azaltzeko eta irakurlea gertatzen ari denaren lekuko egiteko.