Izenburua: Erraldoi erraldoiak: Oiartzungo erraldoi txikiak.
Idazlea: Karmele Mitxelena Etxebeste
Ilustratzailea: Naiara Mitxelena Etxebeste
Argitaletxea: 1545
Urtea: 2023
Orri kopurua: 40
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Oiartzunen sortutako haur-erraldoien konpartsaren aurkezpen eta sustapenaren barruan kokatzen da argitalpen hau. Kontrazalak dioen bezala- “Garena baino txikiagoak sentitzen gara askotan; gutxitan, garena baino handiagoak”-, album ilustratu honen gaia txiki sentiarazten gaituzten beldurrak eta ziurtasun-gabeziak dira.
Narrazioaren tonua oso arina da. Orrialde gutxitan protagonistaren sentipenak aldatzen doaz: poza, amorrua, jai-algara, jakin-mina, harridura edota errezeloa…
Lehenengo orrialdeetan protagonistak lau erraldoi txikiak nola eraiki zituzten kontatzen digu, bakoitza ezberdintzen dituen ezaugarriak erakutsiz; baina akzioa laukote honen herriko aurkezpen egunean abiatzen da. Konpartsakide guztiak buru belarri ari dira, gure protagonista izan ezik. Berak ez du erraldoiaren barruan sartu nahi, handia eta iluna iruditzen zaiolako. Sentitzen duen egonezina adierazten du eta, konpartsakideak tematu arren, azkenik erraldoi baten ondoan ateratzen da kalera, laguntzaile lanetan. Halako batean erraldoiak dantzan hasten dira eta protagonista gonaren barruan sartzen da nahi gabe. Hasierako beldurra eta bakardadea uxatzen zaizkio, erraldoiaren saretxotik dena ez delako hain ilun eta erraldoi ikusten. Bere burua txiki ikusten zuen, baina bukaeran erraldoi txiki bihurtuta amaitzen du.
Azken orrialdeetan erraldoi berrien deskribapen zehatza egiten da, partitura eta abestiaren letra irakur daitezke, eta konpartsari buruzko bideoa ikus daiteke QR kode baten bidez.
Ilustrazioei erreparatuz, testuarekin batera doazela esan daiteke. Irudigileak trikimailuak erabili ditu protagonistaren tamaina txikia nabarmentzeko, gainerako pertsonaien handitasunaren aurrean. Horren froga dira haurraren betaurreko erraldoiak, itzal neurrigabeak, eskortzo-jokoa eta enkoadraketa-planoak edota ikuspuntuak.
Haurraren animo-egoerak, aurpegiaren adierazpenean ez ezik, gorputzeko xehetasunetan eta zenbait eszenetan integratutako hitzen bidez ere definitzen dira. Kolore argiak eta goxoak erabili dira, salbu iluntasuna behar denean.