Izenburua: Eguzkia ezkutatzen denean
Idazlea: Alicia Acosta
Ilustratzailea: Mar Ferrero
Itzultzailea: Maialen Mujika
Argitaletxea: Nubeocho
Urtea: 2023
Bilduma: Egalité bilduma
Orri kopurua: 20
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Album ilustratu honetan hiru ezaugarri paralelo topatzen dira. Batetik haurrek gauari (eta iluntasunari) dioten beldurra erabiltzen da izu ipuin bat eskaintzeko; bestetik pertsonaiek familia eredu desberdinak irudikatzen dituzte, aniztasunean hezteko ahaleginei ekarpena eginez; azkenik, testua errimatua izanik, ahozko hizkuntzaren doinuera praktikatzeko aukera ematen du.
Eguzkia mendien atzean ezkutatzen ari da, eta oihaneko animalia kumeak, beren helduekin etxerako bidea hartzen dute. Jirafa txikiak, elefanteak, loroak, tigreak, tximuak, errinozeroak eta gazelak presa daukate etxera iristeko. Azken ilustrazioan, guztiak lo ikusten dira, irribarrez.
Liburua kartoi lodian inprimatuta dago eta ilustrazioak pastel kolorez eginda daude, orri bikoitz osoa betez.
Ilustrazioak testuarekin bat datoz eta lagungarriak dira testua ulertu eta istorioan kokatzeko. Baliteke liburua ilustrazio gabe irakurri ahal izatea; baina, ilustrazioak dira liburu honen istorioaren giltza. Zergatik? Bere horretan ilustrazioak direlako protagonista. Koloretako arkatzez egindakoak diruditen irudiek maila kromatiko apala dute eta istorioaren protagonista diren animalia kumeen xalotasuna islatzen dute. Irudiak egiantzekoak diruditen arren, nabarmendu beharrekoa da ilustratzaileak eguzkiaren ibilbidea jarraitzeko egin duen saiakera. Oharkabean pasa badaiteke ere, eguzkia ezkutatuz doan bitartean animalia bakoitzaren itzala ere marrazten du egileak; era horretan irakurlea ilunabarrean barneratuz. Marrazkietan forma biribilduak dira nagusi, haur txikientzako irudi xaloak izanik. Ez daude errotulagailu edo arkatz beltzez borobilduak eta ez dute etenik. Ilustrazioek orrialde guztia betetzen badute ere, ez dira itogarriak: paisaia da nagusi, eta orrialdeko animaliak protagonistek tamainek arnasa ematen diote irakurraldiari.