Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Egun euritsu eta loretsu batean

Idazlea: Carme Solé Vendrell

Ilustratzailea: Carmé Solé Vendrell

Itzultzailea: Xabier Olaso

Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka

Urtea: 2023

Orri kopurua: 32

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Liburu hau “kasik” hitzik gabeko albuma da. Hasierako sarrera eta bukaerako leloaz aparte narrazio osoa irudiek baitakarte. Bizitzako une zail edo ilunetan, elkartasunez, alaitasunaren alde egin nahi du tonu poetikoan.

Egun euritsu batean, haur txiki bat aterki handi batean gorderik, txori eta untxi baten laguntzaz, lorez beteriko pentze batean loreak bildu eta eskaintzen hasten da: behiari, laborariari, haurtxoarekin doan amari, fabrikako langileei eta ehiztariari. Bukaerako leloan, aterkia hetsi eta irakurleari ere lore bat eskaintzen dio.

Zeruaren bilakaera orrialdez-orrialde aztertzekoa da: hasieran ilun eta euritsu bada ere, haurrak loreak banatzen dituen arau atertuz joanen da, eguzkia altxatu arte.

Pertsonaia bakoitzak aldaketa bat biziko du loreak eskuratu ondoren, eta hau irudietan irakurri beharra da. Haurrek ikerketa lan hori egin dezakete. Bereziki azpimarratu daiteke fabrikako tximiniatik ateratzen den kea lore zaparrada bihurtzen dela eta loreak eskuratu ahala langileak beren trajea kendu eta askatzen direla. Halaber, txoria tiroz hiltzear den ehiztariari arman lore bat emanez bakerako deia zabaldu nahi du autoreak.

Irudiek tinduz eginik dirudite pastel tonu goxoetan, eta orrialde bikoitzak osoki betetzen dituzte. Jatorrizko albuma 1984koa izaki, vintage aire atsegin bat dute. Albumaren formatu karratuak orrialde bikoitzari sekuentziazio horizontalarentzat jokoa ematen dio: haurraren mugimendua itxuratzen du, ezkerraldean pasa dena eta eskuinean heldu dena erakutsiz.


Prentsako aipamenak:

Imanol Merceroren kritika Berrian


Egun euritsu eta loretsu batean