Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Dinosauro ametsak

Idazlea: Allan Ahlberg

Ilustratzailea: André Amstutz

Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni

Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka

Urtea: 2023

Bilduma: Amets egiteko liburuak

Orri kopurua: 32

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Album ilustratua da, batzuetan komikia ematen duen arren, istorioaren parte bat biñetetan eta bunbuiloak erabiliz eginda baitago. Tonua umorezkoa du. Poesia kutsua du kontatzeko moduak, hitz eta esaldiekin jolastuz, behin eta berriz errepikatuz eta errimatuz egiten baitzaigu kontakizuna.

Soto ilun batean, hiru eskeleto daude ohe batean elkarrekin lotan, bakoitza bere ametsetan murgilduta. Eskeleto handia dinosauro handi bat bere atzetik korrika datorrela amesten ari da. Eskeleto txikia antzera, bera ere dinosauroekin ametsetan, atzetik dinosauro eskeleto txiki bat korrika datorkiola. Eta txakur eskeletoa ere berdintsu, beste bien ametsekin bat eginda: eskeleto handia ikusten du dinosauro bat atzetik duela eta eskeleto txikia dinosauro txiki bat atzetik duela. Eta bera bien atzetik, haiek harrapatu nahian. Hala ari direla dinosauroek talka egin eta hezur pila bihurtzen dira. Orduan, eskeletoek dinosauro hezurrak elkartu eta dinosauro erraldoi bat egiten dute eta haien atzetik korrika hasten da. Orduan esnatu egiten dira eta elkarrekin egin dutela amets konturatuko dira. Elkartu eta oraindik lo ametsetan dagoen txakurra paseatzera aterako dute.

Egitura errepikakorra du istorioak. Eta gainera, istorio bat dugu beste baten barruan. Benetan gertatzen ari dena, narratzaileak kontatzen diguna, hondo beltzean egindako testuetan jasoko duguna, letra zuriz; eta hiruen ametsetan gertatzen dena, burbuila eta bunbuiloen bidez jasoko duguna.


Dinosauro ametsak