Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Arrats zapo bat

Idazlea: Maite Mutuberria

Ilustratzailea: Maite Mutuberria

Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka

Urtea: 2024

Bilduma: Amets egiteko liburuak

Orri kopurua: 40

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Zapo da album ilustratu honetako protagonista nagusia, atzealde zuriaren gainean berdea eta tamaina handikoa, lehen planoan etengabe irakurleari begira. Istorio osoan zehar hitzik egiten ez duen pertsonaia bakarra da, baina bere begirada adierazkorra eta mingaina dantzaria nahikoa dira zer sentitzen duen jakiteko. Erraz irakurtzen den istorio sinplea da eta, halere, gai sakonak jorratzen ditu, hala nola, handiak txikia jaten duela, inozentzia eta heriotza. Hau dena umorez betetako kontakizun batean.

Lasai, erdi lo, arrats arrunt bat pasatzen ari da zapoa. Eltxoari zapoa aspertuta dagoela iruditzen zaio, eta berarekin harrapaketara jolastea erabakitzen du, amaiera zein izango den iragarri gabe. Ezetz harrapatu? Bai ba, hurrup irentsi egiten du zapoak eltxoa. Eta barraskiloa, eta inurria, eta armiarma, eta burruntzia, eta ehunzangoa. Arrats arrunt bat izaten ari da hura zapoarentzat, hurrup, eta hurrup eta hurrup. Ez ordea, matxinsaltoarentzat...

Testua letra larriz idatzita dago. Zomorroen hotsen onomatopeiak ez ezik, bakoitzaren hizketa-moldea desberdina da.

Itxura sinplea duten ilustrazioek lehen planoekin eta mugimenduarekin jokatzen dute. Berde, arrosa eta hori lauak erabili dira, gehienetan atzealde zuriaren eta zenbaitetan arrosaren gainean. Letretan berauetan ere kolorea erabili da, album osoaren estetika bateratuz. Elementu guztiak narrazioaren zerbitzura daude: azala, kontrazala eta babesorrietako ilustrazioak irakurriz, jada kontakizunean barneratuta gaude.


Arrats zapo bat