Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Arerioak lagun

Idazlea: Carlota Ezquiaga

Ilustratzailea: Ruben B. Caballero

Argitaletxea: Alai

Urtea: 2023

Bilduma: Ganbara

Orri kopurua: 136

Adina: 12tik gora


Laburpena:

Laguntasunari buruzko nobela errealista da. Eskolarteko futbol lehiaketa bat jokatzera doan neska lagun talde baten gorabeherak azaltzen dizkigu. Lehiatzera joaten direnean taldearen egoera ez da sendoena eta bost egunetan zehar beraien arteko haserreak nola konpontzen dituzten irakurriko dugu, benetako lagunarte bat osatuz amaierarako. Horrekin batera, kiroletako lehiakortasuna eta maitasun istorioekin batera, identitate sexualaren pertzepzio berriak ere azalduko dira. Orokorrean tonu alaia du, une batzuetan tristea bada ere, pertsonaien egoera emozionalaren araberakoa.

Bost egunetan zehar garatzen da istorioa eta hogeita bi atal motzetan dago banatuta. Gertakizunek eta elkarrizketek erritmo bizia ematen diote istorioari. Narratzaile orojakileak soilik testuinguruaz hitz egiten digu eta kideen arteko elkarrizketak lotzen ditu.

Pertsonaia bakoitzak profil bat betetzen du, idazleak berak definitzen dituenak lehenengo atalean: Edurne kapitaina eta taldeko liderra; Libe makarra, mihi zorrotza duena; Amaia goxoa, Liberen itzalean dagoena; Mari, bere baitan eta marrazten egoten dena; Maitane, estetika oso gustukoa duena. Haiekin batera, batetik Naiara entrenatzailea dago, istorioan ez da bere pertsonaia nabarmentzen eta, bestetik, arerio diren beste futbol taldeko kideak, neska protagonisten bizitza aztoratu eta hainbat unetan zalantzan jarriko dituztenak.

Orrialdeak testuari arnasa ematen dioten zuriuneak ditu eta letra tamaina atsegina egiten da irakurtzeko garbia da eta. Ilustrazio zuri beltzek ez diote istorioari ezer eransten. Ez bada pertsonaiak nolakoak diren ikusteko. Lerro marra sinpleekin daude marraztuta pertsonaiak, ilea kenduta, denek aurpegi eta begi neurria antzekoak dituzte eta. Azaleko ilustrazio koloreduna da, bizitasun eta adierazkortasun handiena duena liburu osoan. Era berean, barruko marrazkietako batek elkarbanatutako logela batean daudela dio, baina irudian ez da hori ikusten.

Erritmo biziko eta entretenigarria den kontakizuna funtsean, gazteen artean eman daitezkeen bizipenak, barne munduan sakondu gabe erakusten duena.


Arerioak lagun