Izenburua: A, aitarena
Idazlea: Isabel Martins
Ilustratzailea: Bernardo Carvalho
Itzultzailea: Xabier Olaso
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2023
Bilduma: Amets egiteko liburuak
Orri kopurua: 24
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Aitatasunari gorazarre egiten dion album ilustratua da hau. Hitz-jokoen bidez, aita hitza hogeita lau kalifikatzailerekin konbinatzen da, pertsona alai, laguntzaile, jostalari, arduratsu, zaintzaile, dibertigarri eta abarren profila definitzen laguntzen dutenak. Hau da, aita idealari egindako omenaldia da, arduratsu eta maitekorrari, seme-alabengatik eta seme-alabentzat edozer gauza, traktore, eskailera, mediku eta abar bihurtzeko gai denari.
Aitatasunari egotzi dakizkiokeen egoera ezberdinak azaltzen dira orrialde bakoitzean: aita berokia, aita zaindaria, aita traktorea… Kasu honetan, gainera, Xabier Olaso itzultzaileak, testuekin jolastu eta “aita” hitza tartekatuz, kontzeptu berriak sortzen ditu: garabiaita, hegaitazkina, ezkutaitalekua, koltxoiaita… Gaztelaniazko bertsioan (baita beste zenbait hizkuntzetarako itzulpenetan ere) hoskidetasun handiko hitz-jokoak eskaintzen dira, euskarazko itzulpenean agertzen ez den errima asonanteari esker.
Azal eta kontrazaletik hasita, liburuaren ilustrazioak, mate paperean inprimatuta, deigarriak dira, zenbaitetan karranka egiten duten forma eta koloreekin. Testuarekin batera doaz, hitzaren definizio grafikoak baitira. Orrialde bakoitzean eskuzko trazoz idatzitako “aita” beste hitz batekin erlazionatuta besterik ez da agertzen, batzuetan izen eta izenondo bezala, aita traktorea esate baterako, eta bestetan nahastuta eta hitz berria sortuta, hegaitazkina kasuan bezala. Honekin batera seme edo alaba batekin aitaren figurak, kolore lauko, ñabardurarik gabeko eta kontraste handiko irudi nahiko eskematikoak ditu. Ez dago tarte zuririk. Ez dago paisaiarik, itzal ebakiak diruditen irudiak koloretako hondoetan banatzen baitira, orrialde eta hitz bakoitzeko bana.
Azken orrialdean, jolasaren amaiera markatzen duen oihu bat ere agertzen da. Bertan, aita txiki bihurtzen da, bere semearen altuera berdinduz.