Ezinbestekoak

EZINBESTEKOAK izena duen sail honen barruan euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren historian argitaratu diren 50 liburu ezinbestekoen zerrenda paratzeko konpromiso zail eta arriskutsua hartu du Galtzagorrik.

Garai guztietan argitaratuak izan diren liburuak topatuko dituzue hemen: batzuk XX. mendekoak; beste batzuk XXI. ekoak. Guztiak ere euskarazko HGLaren perlak dira. Eta perla horiek gure Haur eta Gazte Literaturan lanean urteak daramatzaten adituek aukeratuko dituzte. Urtero, beraz, 50 EZINBESTEKOEN zerrenda ezberdina zintzilikatuko du Galtzagorrik sail honetan. Urtero zerrenda hori egingo duen adituaren iritziaren araberakoa. Zerrenda horiek guztiak ondoren, sail honetan bertan topatuko dituzue hemeroteka moduko bat osatuz.

2009an ekin genion lan honi, eta lehenengo eta behin XABIER ETXANIZ ERLE idazle eta literatur kritikariak egin zuen beretzat EZINBESTEKOAK diren 50 liburuen zerrenda. 2010ean, berriz, MIGEL ASIAIN literatura irakasleak egin zuen bere EZINBESTEKOAK zerrenda, 2011n ASUN AGIRIANO bibliotekariak osatu zuen, 2012an ITZIAR ZUBIZARRETA irakasle, ipuin kontalari eta irakurketa sustatzen adituak, 2016an MIKEL AYERBE Gasteizko letren fakultatean euskal literaturako irakasleak, 2017an YOLANDA ARRIETA idazle eta kultur bitartekariak, 2018an DANIMAIZ ilustratzaileak, 2019an OIHANA ETXEGIBEL irakasle, ipuin kontalari eta kultur bitartekariak, 2020an JUAN KRUZ IGERABIDE idazleak, 2021ean LORE AGIRREZABAL bibliotekariak, 2022an UNAI PASCUAL Denonartean argitaletxeko editoreak, 2023an MIREIA DELGADO bitartekari literarioa, ipuin kontalaria eta formatzaileak eta 2024an MANU LOPEZ GASENI itzultzaileak osatu du berea. Hementxe aurkituko dituzue horien guztien oinarrizko datuak, adinka banatuta. Honela liburu hauek zein adinetarako diren aproposak jakin ahal izango duzue. 

EZINBESTEKOAK saila, beraz, adituek egindako liburu askoren irakurketaren eta ondorengo balorazioaren emaitza da. Irakurle bakoitza berezia den neurrian, hautaketa honek ez du irakurketaren esperientzia zuzena ordezkatzen eta ez du horretarako asmorik. Horregatik, haur eta gazteei irakurtzera eman aurretik bitartekariek (bibliotekari, guraso eta irakasleek) liburu hauek irakurtzea komeni da.

Esan gabe doa, badakigula zerrenda bakoitzean “ez daudela diren guztiak, eta dauden guztiak ez direla”. Zerrenda arriskutsuak izan daitezke beraz, baina hainbatentzat lagungarriak izan daitezkeelakoan prestatu eta zintzilikatuko ditugu.