Izenburua: Zupankapaloak
Idazlea: Pello Aņorga Lopez
Ilustratzailea: Jokin Mitxelena
Argitaletxea: Aņorga-Mitxelena (Autoedizioa)
Urtea: 1999
- Felipe Juaristi, Diario Vasco Jolasean bezala.
Ohiko ez den liburua dugu Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak argitaratu duten hau, erdibana. Pello Añorgak testuak idatzi ditu eta Jokin Mitxelenak irudiak jarri dizkiei hitzei, baina errezeloa dut bakoitzaren lana ez dela mugatu bakoitzak berez duen ofizio horren esparruetara. Esan nahi dut Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak liburu honetan, bi izan beharrean, bat eta bakarra balira bezala jokatu dutela. Zaila da, ez horregatik bakarrik, liburuaren laburpen tajuzkoa egitea.
Badira poemak, hitzetara errenditzen direnak, soinu eta musika berea dutenak: "Taupak taupak/ ozenak oihuak/ taupak taupak/ Xegundo erlojuak/ taupak taupak/ denborarik baduzu/ isilik entzuteko/ elkarren kontuak?" Edo honako hau bezalakoak: "Zeren Zen Zen Zen/ oso zezen arraroa zen/ zeren, Zeren zen zen zen/ adarrik gabea omen zen./ Ai, Zeren Zen Zen Zen,/ oso zezen arraroa zen." Hitz jokoak dira asko; hitzekiko lilurak bizi baitu Pello Añorga, irudiekikoak Jokin Mitxelenari eusten dion bezala. Hitzak beren baitan sostengatzen dira, burujabeak dira, beren etorkizuna eraikitzen dute. Hitzak soinu dira, musika, ekaitz, euri, lore baten gainera erori eta erori. "Lurrun/ lurrun/ mundua dago bertan/ mundua dago urrun."
Baina badira beste batzuk irudiz soilik adieraziak, non irudia bera baita poema. Lagungarri zaio testu ezinago labur bat, eta batek ez daki askotan zer izan den lehenago, irudia ala, testua bestela. Izan ere, bata eta bestea oso ongi uztartuak daude elkarrekin, aldez aurretik plangintza bat-edo balego bezala. Liburu atsegina, hitzekiko eta irudiekiko maitasuna dutenentzat batez ere. Liburua ez da handinahia, ez harroputza, ez tente-potentea, apala baizik, libururik ederrenak, libururik esanguratsuen eta zukutsuenak diren bezalako. Jolasean bezala egina, jolasean bezala irakurtzea merezi duena.