Izenburua:
Zaudete geldi pixka batean
Idazlea:
Andoni Egaņa
Ilustratzailea:
Antton Olariaga Aranburu
Argitaletxea:
Elkarlanean
Urtea:
1999
Bilduma:
Xaguxar
Orri kopurua:
146
Laburpena:
Argazkilari profesional batek ikastola garaiko lagunen argazki bat eskuratu du. Haiei begira, gaur gizon-emakume helduak (eta bakar batzuk ospetsu) diren gaztetxo haien txikitako oroitzapenak ekarri ditu gogora. Andoni Egaņak, bere memoriaren kutxan uxarrean ibiliz, txikitako bere lagun batzuen argazkiak egin dizkigu, bere galbahetik pasatuz, orain konplizitatez, orain ironiaz eta ziri zorrotzez, baina maitasunez beti.
Prentsako aipamenak:
- Amagoia Iban, Egunkaria 2000ko apirilaren 15a Gelditzen ez den bizitza
Andoni Egaņak argazkilari bat jarri du kontalari bere azken liburu honetan: eta ez nolanahikoa, gainera. Oso memoria oneko, fotografikoa esan daiteke, argazkilaria da hauxe, eta abiapuntua erabat biribilduz, argazki bat du, gainera, bere memoriaren garai bateko mataza desegiten joateko xaxatzaile. Gauzak argiargo esate aldera, ikastola garaiko irakasle baten despedida afarira joatean eskuartuko du argazkia protagonista argazkilariak, eta inori eskatu gabe eskuratu gainera.
Erretreta hartzekotan den irakasleak berak ekasleei urteetan ateratako irudi sorta bat ikusten ari dela topatuko du argazki hori Egaņaren protagonistak. Bera ageri da bertan, eskolako beste hamabi lagunekin batera, artean neska-mutil kozkor batzuk besterik ez zirela. Irudi horrek, berak nahi polit eta eder egiteko ohitura duen argazkien aldean traketsa, zuzen joko du bere haurtzaroko gomuten bihotzean, teknikaz gaindi dagoen hunkigarritasun baten eraginez.
Horrela hasten da Egaņaren liburu labur honen kontakizuna, mahai baten bueltan. Eta bueltaka jarraituko du etengabean argudioak, pertsonaia batetik bestera, mahaiaren ordez, isilean harrapatutako argazkia ardatz duela. Elkarrekin pasatutako uneak gogora ekartzen hasi, eta haurtzarotik nerabezaroa bitarteko jauzi hori ematekotan direla agertzen direla agertzen dira pertsonaia gehienak, denok ezagutu baina norberak bere erara bizi ohi dugun garaiaren hamahiru aurpegiko poliedroa osatuz.
Bata mindua sentituko da etxeko helduek oraindik ere haur bat bezala tratatzen dutela ikustean. Bestea bere bizitzako lotsagarritze unerik ahanzgarriena bizitzen azalduko zaigu. Beste bat bertsolari potentzial bat bezala agertuko zaigu gaztetxo garaian bertan -iruzkin honen irakurleak pentsa dezake Andoni Egaņa bera izan dela, baina liburuaren irakurleak jakinen du beste bertsolari ezagun bat dela -. Laugarrenak, epopeia bat biziko du galtzarbeetan hazten hasi zaizkion ileak kentzeko. Bostgarrenak bere gain hartuko du auzoaren barrabaskeria guztien onerako-edo. Seigarrenak, bakardadeari eta aspergurari aurre egiteko barne mundu bat osatzeko adina irudimen pilatu beharko du. Zazpigarrenak, ere irudimena zorroztu beharko du, baina ez bakardadeari ihes egiteko, diru ezari baizik. Zortzigarrenak, telebista lehiaketa batean parte hartu nahiko du, arrakasta maila eztabaidagarriekin -irakurlearentzat bederen arrakastatsua da erabat Egaņak osatzen duen irudi barregarria-.
Bederatzigarrenak, eta amaitzen goaz pixkanaka, irakasle zirizale batekin halako burutazio txantxangarrien sokatira saio amaigabe bat jartzen du abian. Hamargarrenak abian jarri nahiko duena, rock talde bat da. Lotsak den bezala agertzen uzten ez dion gaztetxoa dugu hamaikagarrena. Phean pixa egiteari utzi ezin diona hamabigarrena. Eta azkenik, hamahirugarrena, esandakoak hitzez hitz hartzeak hainbat arazo ekarriko dizkiona.
Hain da zabala liburu honetan Egaņak eskaintzen digun esperientzia eremua, non erraza izango den irakurlearentzat bere burua edota eskolakideren batena pertsonaiaren batean islatua ikustea. Kaledoskopioz begiratzen du liburuan narratzaileak bere iragana, eta kaledoskopio horrek orduko lagunek gaur egundaino izan duten bilakaera azaltzeko aukera eskeiniko dio, gizartean hartu duten lekua aurkeztuz. Hamahiru mutil eta neska kozkor horien artean norbera aurki daitekeen bezala, hamahiru gizon eta emakumezko hauek ere badute parekorik gure egunerokoan.
Guztia Andoni Egaņak bertsoz zein hitz-lauz aski erakutsiak dizkigun hizkuntza eta umore naturalean emana dago. Nabarmenak diren zenbait keinu eginez, gainera, aipatu bertsolariari botatakoa kasu. Anjel Lertxundi gogora dakarten zenbait dira, ordea, agerikoenak. Pertsonaia bat Lertxundi bera da -irakurlearen esku utziko dugu noski topaketaren plazerra dastatzea-, eta ataletako batek "Argizariaren egunak" izena du, esaterako.
Antton Olariagak marraztu ditu pertsonaia guztiak, baina irakurle bakoitzaren esku jarraitzen du betiere bere gaztaroko protagonista zenbaiten aurpegia jartzea ala ez pasarte zenbaiti. Nerabezaroko urteak gogoratzeko katalizatzaile polita bihur daiteke liburu hau.
- Javier Rojo, El Correo 2000ko apirilaren 19a Argazki horituak
Euskal literaturaren beste arlo batzuetan aritu ondoren gazte literaturari txanda heldu zaio Andoni Egaņari "Zaudete geldi pixka batean" izeneko istorio bildumarekin. Eskola garaian egindako argazki batek bidea ematen dio narratzaileari (hau ere argazki munduan diharduena) pertsonaia batzuen bizitzaz hitz egiteko. Istorio hauetan pertsonaiak eskola garaian zertan ari ziren erakutsi ondoren, gehienetan gertaera bereziren baten bidez karakterizatuta, denboraren poderioz zer bilakatu diren agertzen zaigu, bizitzak batzuetan bidezidorrik bitxienak hautatzeko joera duela erakusten digularik. Pertsonaien lehena eta oraina konparatzerakoan, aldaketa sortzen duen ironia osagaia garrantzitsua dugu istorio hauetan. Hamahiru aldiz teknika bera erabiltzeak, ordea, arriskua dauka eta irakurlearen konplizitatea bilatzen duen joku ironiko hori nahiko erraz antzeman daiteke aldez aurretik, batez ere azken parteko istorioetan. Honek, ezinbestean, indarra kentzen die istorioei. Anakronismoren batekin ere egin dezake topo irakurleak, baina kasu honetan gertaerak marko ezagunago batean kokatzeko nahita egindako aukera iruditu zait. Iritziak iritzi, Andoni Egaņak oso ondo daki bere kontalari-trebetasunari emaitza onak ateratzen.
- Deia, 2000ko martxoaren 24a Txikitako lagun batzuen argazkitik abiatu da Egaņa
Argazkilari profesional batek ikastola garaiko lagunen argazki bat eskuratu du. Haiei begira, gaur gizon-emakume helduek (eta bakar batzuk ospetsu) diren gaztetxo haien txikitako oroitzapenak ekarri ditu gogora. Andoni Egaņak, bere memoriaren kutxan uxarrean ibiliz, txikitako bere lagun batzuen argazkiak egin dizkigu, bere galbahetik pasatuz, orain konplizitatez, orain ironiaz eta zirri zorrotzez, baina maitasunez beti. Elkarlanean argitaletxeak "Xaguxar" bilduman sartu du kontakizun luzea, honekin ehungarren ahalegina betez. Marrazkiak, zuri-beltzez, Antton Olariagarenak dira. Egaņaren azken lana, bere hurrengoko eleberriaren zain.