Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Zaldiko-maldikoan

Idazlea: Ana Urkiza Ibaibarriaga

Ilustratzailea: Elena Odriozola Belįstegui

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 2003

Bilduma: Mendi Sorgindua

Orri kopurua: 60

Adina: 8tik gora


Laburpena:
Esku artean dugun liburu hau, hamabi idazle ezberdinek haur literaturari eskainiriko poema bilduma da Aizkorri argitaletxearen bosgarren urteurrena ospatzeko. Idazle bakoitzak idatziriko bina poema aurkituko ditugu bertan eta gehienek formatu laburrari eutsi diote: irudi indartsuren bat iradokitzeko edo egoera jakin bat deskribatzeko.
Aukeratutako baliabideak eta jorratutako gaiak askotarikoak dira. Herri literaturarik hurbil koka daitezkeen hoskidetasun eta erritmo neurtuetatik bertso aske eta kontzeptualetara. Naturarekin zerikusia daukaten oinarrizko gaietatik kontzeptu abstraktuei buruz gogoeta eragiteraino: maitasuna, askatasuna, biziaren laburra, gogo eta amets helduezinak... Umore ukituak ere topa daitezke, gutxi izan arren; baita irudi surrealistak ere. Aldarte oso desberdinak adierazten duten egitura paralelo originalak ere bai.<BR>
Azken batean, poeta eta poema bilduma honetan gaur eguneko korronte eta joeren erakusgarri ugari aurki ditzake irakurleak, denak elkarren osagarri, gaurko euskal haur poesiaren ikuspegi orokorra itxuratzera datozenak.


Prentsako aipamenak:

- Gerardo Markuleta, Behinola 8. zenbakia Ezagun zaizkidan giza jardueretan, poesia idaztea iruditzen zait zail eta konplexuenetako bat (letretakoa izaki, ez da hain harrigarria beharbada). Adimen, emozio eta komunikazioari begirik kendu gabe, eta a zein hiru hitz!, berbatrepetxoak sortzea da kontuan harturik. Alderdi fisikoan, hots hitz eta hitz-segiden musika, erritmo, kokapen, errepikapenak eta beste; alderdi inmaterial, esanahizkoan, injenio, irudimen, oihartzun semantikorako eta sinbolizatu eta trinkotzeko gaitasuna abiarazi behar dira. Asko bai asko da hori eta, hala ere, ez da guztia.

Zeren, horretaz guztiaz gain, bada bereziki poesian beste alderdi kontrolaezin bat, aurresan ezinezko esparru bestelako bat. Platonek, besteak beste, horrexegatik bota zituen poetak bere errepublikatik: poetek zekitena baino gehiago omen zekiten haien poemek. (Poesia idaztea hain zaila izanik, ez da harritzekoa gero poesia kalibratzen, epaitzen, antologatzen saiatzea batere erraza ez izatea).

Haurrentzat (ondo) idaztea beste misterio handi horietako bat da niretzat, berez mugagabea den eta behar duen arlo batean (literarioa, alegia) derrigor esparru mugatuan jokatzen delako (haurren berezko mugak zein helduek haurrei eta haurren kontsumo-gaiei ezarritakoak). Eta haur literaturaren berezko kontraesan horri, goian aipatzen nuen poesiaren alderdi "kontrolaezin, aurresan ezinezko" hori gehitzen badiogu, haurrentzako poesia idaztearena misterio biderkatua egiten zaigu, jakina.

Era askotako antologia moldeak daude noski, baina bi kaxoitan bana daitezke irizpide erraz baten arabera, alegia: aurretik argitaratutako lanen gainean hautatzaile batek egindakoak, batetik, eta antologoak propio eskatutako lan argitaragabeekin eginak, bestetik. Lehenak seguruagoak dira, antologoaren gustua gora-behera, testu horiek ezagunak baitzaizkio, eta editore-irakuleen proba gainditu baitute lehenago beste liburu batean; bigarren taldekoek ustekabe eder gehiago ematen dute sarri, baina ez dira hain seguruak, egileak ez baitita beti beren lanen epailerik zuzenenak izaten, eta gero, lanak jasotakoan, antologoaren eskuaren zabalak agintzen baitu.

Zaldiko-maldikoan hau bigarren era horretako antologia dugu. Hitzaurrean aipatzen denez, argitaletxearen bosgarren urteurrena ospatzeko modu baten gisan sortu zen egitasmoa. Elena Odriozola marrazkilari bakarraren ilustrazioen altzora bildu dira hamabi egile oso ezberdinen lanak. Batzuk eskarmentu handikoak haur literaturan, gutxiago haur poesian; beste batzuk hasi berriak, eta honekin lehen saioa egiten dutenak ere badira. Salbuespen bakarrarekin, idazle bakoitzaren bi poema datoz. Testuen eta marrazkien arteko konposizioa oso zaindua, poemak eroso daude, grafikoki oihartzun egiteko lekua dute nolabait esan. Marrazki eta testuen arteko elkarrizketa, egokia, anitza, aberatsa.

Manu Lopez Gasenik bere hitzaurre labur argigarriaren hasieran dioenez, "narratibaren itsaso zabalean alderrai dabilen txalupatxoa da euskal haur poesia". Ez da denbora luzea joan, euskarazko haur poesiarik aurkitzea ia-ia artxibategi lana zela. Juan Kruz Igerabideren Begi niniaren poemak txundigarri hura, tradizio urriko euskal haur poesian berriro ere lehen harria jarri zuen harribitxi hura agertu arte. Denbora gutxitan, xumeak izanik ere, antologiak egiteko moduan gaude. Ez da gutxi. Testu eta egile guztiek ez dute noski maila bera ematen, baina bada tradizio-ohiartzunik, bada jolasa, umorea eta absurdoa, bada gogoeta, narrazioa, deskribapena. Guraso eta irakasleek eskertuko dute liburua nire ustez, baina haurren harrerari buruz, goian azaldu ditudan arrazoiengatik, ez naiz nor iritzirik emateko.


Zaldiko-maldikoan