Izenburua:
Yako eta haizea
Idazlea:
Ixiar Rozas Elizalde
Ilustratzailea:
Iñaki (Mattin) Martiarena Otxotorena
Argitaletxea:
Erein
Urtea:
2002
Bilduma:
Auskalo Bumeran
Orri kopurua:
128
Laburpena:
Kanpoan erabatekoa zen isiltasuna. Ez Zurten zaunkarik, ezta txorien kanturik ere. Goiz elurtu baten isiltasuna zegoen. Logelako atearen ondoan, kartoizko kutxa bat aurkitu zuen Yakok. Kutxaren barruan, beste bi kutxa zeuden, bakoitza izen batekin: Yako eta Zana. Irrikaz ireki zituzten. Yakoren kutxan egurrezko zapata batzuk zeuden, eta paper batean idatzita: "Ez zaitu haizeak gehiago eramango". Zanarentzat, berriz, egurrezko txirula bat eta honako hitzak: "Ikusezina dena ere begi- bistakoa egiten du musikak". Baina nondik atera ziren opari haiek?
Prentsako aipamenak:
- Felipe Juaristi, Diario Vasco Haizearen lagun
Ixiar Rozasek Yakoren abenturak berritu ditu liburu honetan. Lehendabizikoan Yako bera aurkeztu zigun, uhartean jaiotako emakumea, gehiegi maite duen emakumea, sumendia bezain beroa den emakumea. Liburu lirikoa zen, inondik inora, liriko –ekologikoa hain zuzen. Orduko doinu hura ez dator aldatuta oraingo honetan; liburua lirikoa baita, liriko–ekologikoa hain zuzen, eta ez da harritzekoa, mundua nola dagoen, gure itsaso eta lurrak zein mailataraino pozondurik dauden ikusita. Yako mundura ateratzen da berriro, bere herritik mundura joatera ausartzen da, eta ezagutzen ez duen zerbaitekin egiten du topo: haizearekin. Beroa ezagutzen zuen, bai, eta beroak dakartzan ondorioak ere bai: erredura, erreketa, esaterako. Haizea nagusi den herri batera iristen da eta haizeak, noski, jolastu egiten du Yakorekin, airean eramaten du gupidarik gabe. Haizea bezala beste zenbait gauza ere ezagutuko ditu Yakok, uharte batean jaiotako emakumeak, gehiegi maite zuen emakumeak. Esaterako, trena eta autoak ezagutuko ditu, eta bizitza urbanoa ere bai.
Yakok, bere harridura biguntzeko galderak egiten ditu, ez baitu ulertzen zergatik jendeak presa ote duen, zergatik dabilen batetik bestera arin eta korrika. Jakin ere jakingo du, beste batek esanda, munduan bi erritmo daudela, naturarena bata, norberaren izaeratik abiatzen dena, eta hiriak berak ezarri eta inposatzen duena, bestetik. Yakok bere ibilbidean lagunak egingo ditu: Noto eta Zana esaterako, lagun handiak izango dira berarentzat. Zanarekin batera musika joko du eta hortik aterako dute aldi batez bederen bizimodua. Baina Yakok, gehiegi maite duen emakumeak, maitasuna behar, hobe esan bere maitea behar bere ondoan. Zanak bezala; denok bezala, esango nuke. Lehengo haritik tiraka ateratako historia dugu, beraz. Liriko-ekologikoa da, sentimendu handiak eta denak onen ekarle. Sentimendua, irudimena baino, nagusi den mundu baten argazkia baitakar liburuak. Ikustekoak dira, gainera, “Mattin”en marrazkiak.