Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Yako

Idazlea: Ixiar Rozas Elizalde

Ilustratzailea: Iņaki (Mattin) Martiarena Otxotorena

Argitaletxea: Erein

Urtea: 2001

Bilduma: Auskalo Bumeran

Orri kopurua: 104


Laburpena:
Uharte batean munduratu zen Yako, gehiegi maite zuen emakumea. Zeruaren koloreko urek inguratzen zuten uhartea, lurralde urrun eta ia ezezagun hura osatzen zuten gainerako uharteak bezalaxe. Arrantzale batek aurkitu zuen Yako, hondarrean, zumezko otarretxo batean. Artean ez zekien arren, hango biztanleen desberdina zen, eta lurralde are desberdinago batetik zetorren. Urteekin jakingo zuen hori. Eta urteekin jakingo zuen triste bizi daitezkeela ere, berak bezala, gehiegi maite dutenak. Bidaia luze bati ekingo dio Yakok, barruko sugarra itzaliko dion lekuraino. Han bere maitasunarekin fundituko da.


Prentsako aipamenak:

- Ana Urkiza, Behinola 5.zenbakia, 2001eko apirila Maitatuz gara zoriontsuak
Pertsonok, mundura gatozenetik, bi zalantza existentzial nagusi izaten ditugu: nor garen eta nondik gatozen jakitea batetik, eta zertarako gatozen ezagutzea bestetik. Bigarren zalantza honen barruan galdetzen dugu nor maite dugun, edo areago, nork maite gaituen. Gure izateari buruzko erantzunik biribilena edo errekonozimendu mailarik garaiena norbaitek maite gaituela jakitea da. Zenbat eta jende gehiagok maitatuak izan, are eta zoriontsuagoak gara, eta are eta integratuagoak sentitzen gara gure inguruan.

Zalantza guzti hauexek izango ditu oinarri Ixiar Rozasen pertsonaia berriak ere: gehiegi maite duen Yako izeneko neskatilak. Idazleak kontakizunari uharte batean ematen dio hasiera, Yako otarra batean heldu zela uhartera esanez. Neskatila alaia eta maitagarria izan arren, baditu Yakok, besteengandik bereizten duten zenbait berezitasun: ez daki nongoa den, zuria da (uhartekoak ez bezala), eta bere ingurukoak erre egiten ditu (hain da handia bere maitasunaren eraginez igortzen duen beroa). Yako berehala konturatuko da jendeak ihes egiten diola eta maite dituen pertsonengana hurbildu ezinak, aipatu berotasunaren jatorria ezagutzera eta bere sustraien bila abiaraziko du.

Bi espazio bilbatzen ditu Rozasen narrazio berriak Yakoren bilaketa prozesu honetan: uhartea batetik, eta uharterik gabeko lurraldea edo kontinentea bestetik. Zibilizazioak ikutu gabea lehena, zibililazioaren lurraldea bigarrena. Beltzen ingurunea bata, zuriena bestea. Bi mundu hauen arteko konparaketak etengabeak izango dira Yakoren ahotan.

Amaierako egitura duen narrazio lineal honen barrena, Yako lurralde berrirantz abiatuko da, eta han, mendiak, kotxeak, egunkariak, maitemintzea zer den... etab. ezagutuz joango da. Maitasun gehiegizkoak bere baitan sortzen duen berotasunaren iturria edo arrazoia aurkitu bidean, bi pertsona salbatuko ditu Yakok eta pertsonaia bakoitzarekin bi amets lotuko ditu: Kasain alkatea elurtetik salbatzen duenean, honek, desio bat eskatzeko esaten dio, eta Yakok, bere amets bat kontatzen dio: zingira batean euria egiten ikusi nahi duela.
Bigarrena, sua hartzen duen etxe bateko familia salbatzen duenean gertatzen da. Hartakoan, sua uretan murgiltzean itzaltzen dela bakarrik amets egiten du.
Irakurlea berehala konturatu da, Yakoren ametsak aitzin-oharrak direla. Lehenengo, zingira duen leku batean bizitzen jarriko delako, eta gero, sumendia dagoen lekurantz joan beharko duelako. Bolkanaren ahora heltzean konturatzen da Yako, sumendiaren beroak gailenduko duela bere barneko berotasuna. Eta hortik aurrera, berak ere maitatu ahal izango duela, hau da, jendeari, erre gabe hurbildu ahal izango zaiola. Eta ondorioz, bihotzak eskatzen dion lekura joan ahal izango dela.

Ez ohikoa den gaia hartu du Ixiar Rozasek oinarritzat kontakizun honetan: gehiegi maitatzea. Izan ere, gehiegi maitatzea ez baita gaur egun oso praktikoa, idazlearen hitzetan. Liburuaren azpiko mezua, ostera, beste bat litzateke: gauza orori bere alde ona aprobetxatu behar zaiola: edertasunaren purotasuna inozentziaren garbitasuna, benetakotasuna...
Ez du, hala ere, Rozasek gehiegi maitatzea zer den azaltzen; idazleak ez du Yakoren barrua aztertzen. Azaletik deskribatzen du eta irakurleak gehiago espero du kontakizunaz.
Bestalde, bizitzako lezioak emanaz joango zaio Ixiar Rozas irakurleari. Bizitzaren gaineko mezuak ematen ditu, maitasunaren gainekoak baino areago: maitatuz eta maitatuak izanez garela zoriontsuak, beste herrialdeetako ohiturak onartu egin behar direla, denok ditugula gure abantailak eta nork bereak ezagutu behar dituela, bizitzan arriskatu egin behar dela, akatsetatik ikasten dela... edo maitasunak badakiela itxaroten, besteak beste.
Puntu honetan, narratzaileak irakurlea nahastu ere egiten du apur bat, bi maitasun mota korapilatzen baititu: hau da, naturarekiko eta bizitzarekiko jarrerari dagokion maitasuna batetik, eta bikote harremanekikoa bestetik.

Narratzaileak pista batzuk ere ematen dizkio irakurleari nondik nora doan jakinarazteko; hala nola, bigarren kapituluan esaten da Yakok berak nahi duena lortuko duela. Eta laugarren kapituluan, bukaeratik oso hurbil dagoela. Amaiera irekia duen ipuin honek aske uzten du irakurleak berak nahi duen bukaera asma diezaion.

Aipagarriak dira testuan zehar tartekatutako mezu sakonak, eta nagusia honakoa: ez du axola nor eta nongoak garen zoriontsu izateko.
Hala ere, irakurleak azalpen gehiago eskertuko lituzke edo argumentuaren ildoak gehiago lotzea. Uztarketa polita egiten du Rozasek naturarekiko maitasuna eta miresmena agertzean baina hurbilpena ez da sinisgarria egiten. Kostatu egiten baita Yakoren jatorria, asmoak eta gertakizunak era berean uztartzea.
Egileak berak dioskun bezala, gauza orotan onena hartu behar da eta obra honetan ere, idazleak nork bere zorionaren bilaketaren alde apostu egiteko bidaltzen digun gonbita litzateke profitatu beharrekoa.

- Javier Rojo, El Correo 2001eko maiatzaren 2a, Bidaia fantastikoa

"Yako" atera du Rozas-ek helduen literaturan eleberri interesgarria ("Edo zu edo ni") idatzi ondoren. "Yako" izenburuko eleberri labur honekin irakurle gaztetxoei zuzendutako literaturari ekin dio. Leienda kutsuko istorio honetan idazleak Yako izeneko neskaren abentura kontatzen digu, nola, barne su misteriotsu batek bultzatuta, Bizilekua izan zuen uhartea utzi eta bere jatorriaren bila abiatzen zen. Ahoz ahoko ipuinen tonua du istorio honek eta fantasia eta irudimena dira bere lanabes nagusiak irakurleen arreta erakartzeko. Noizean behin ere, R. Kipling-ek, ekialdeko leiendak oinarri, idatzitako zenbait istorio gogora ekar dezake. Haur literaturan fantasia erabiltzea normala ez ezik, ia-ia derrigorrezkoa ere bada, askoren ustez ezinezkoa baita haurrentzat istoriorik sortzea, fantasiak eskaintzen dituen bitartekoak erabili gabe. Askotan, ordea, elementu fantastikoen presentziak bi ondorio hauek ekartzen ditu: koherentzia nahikorik ez gordetzea eta gertaeren eta ekintzen motibazio ahula. Rozasen istorio hau muga zail honetan mantentzen da. Dena dela, haur literaturan hain ohizkoa den funtzio moralizantetik ere zerbait hartu arren, ezin uka xarma berezia duela, ahoz ahoko ipuin tradizionalen giro miresgarria.
- Felipe Juaristi, Diario Vasco Beroaren iturria. (2000-12-05)

"Uharte batean munduratu zen Yako, gehiegi maite zuen emakumea". Esaldi honekin hasten da liburu hau. Gehiegi maitatzea dela esaten digu emakumearen ezaugarria, eta liburua bera gehiegi maite duten guztiei dago eskainita, gehiegizko maitasuna ikur balitz bezala. Yakok, esan bezala, gehiegi maite du; bere gorputzak, oso beroa izateagatik, hartara, besteenganako maitasunera, bultzatzen baitu bere arima. Gorputzeko berotasun hori, gizaki batengan ezohikoa izanik, zoritxar ekarle izango zaio. Gizon-emakumeek, handi zein txiki, Yakorengana hurbidu eta, erre egiten direla sentituko dute. Yako, berezitasun horregatik, besteak bezalakoa ez izanik, baztertua izango da, eta negar egingo du, izan ere, gehiegi maite duenaren minik handiena maitaturik ez sentitzea baita. Alde horretatik, pentsa daiteke, bazterkeria adierazten eta salatzen duela liburuak (adieraztean baitago salaketa bera). Ez hori bakarrik ordea. Zoriontsu ez eta, Yakok bere uhartetik kanpo dauden beste lurrak ezagutu nahi izango ditu. Iritsiko da beste herri batera, beste lurralde, uharterik gabe batera, eta bere ezagutzaren ateak irekiko dira berehala han dagoen guztia, ikusteko eta entzutekoa, hatz-oinez ukitzekoa ere bai, hartu eta onartzeko. Euria, elurra, esaterako, zer diren ezagutuko ditu, mendia eta laua bereiztuko ditu eta zorion ekarle ere izango da. Batean, bere barneko beroak elurra urturik, herriko alkatea egoera txarretik atera ahal izango baitu; bestean, berotasun hori lagungarri izango zaio haur bat sute batetik salbatzeko orduan. Esan bezala, beroa, zoritxar ekarle zaion neurrian, zorion ekarle ere izango zaio Yakori. Alde horretatik begiraturik, nobela iniziatikoa da, ezagutza helburu ere izango baitu Yakok. Azkenean zergatik den emakume gorputz-bero jakingo du. Azkenean berotasunaren iturri bila abiatuko da eta hor amaituko da sentimentuz eta maitasunez beteriko liburu hau.


Yako