Izenburua: Xola eta Angelito
Idazlea: Bernardo Atxaga
Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2004
Bilduma: Holaxe bizi da Xola
Orri kopurua: 48
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Xola lagun baten baserrira joan da, eta hango txakurraren eraginpean erabat aldatzen da gure Xola sinpatikoaren izakera. Erabat egin zaigu jatortu, hizkeran eta beste...
- Xabier Etxaniz Erle, berria 2005eko martxoaren 22a Xola eta mendiko txakurra
Urte batzuetako isiltasunaren ondoren Xola ageri da gure letretan, eta ia-ia 2000.urtean Gara-k plazaraturiko bilduman utzi bezala aurkitu dugu txakur ezaguna. Xola ehizan ipuinean "Xola joana zen handik, eta bere postuan zegoen berriro: Xagu gordetzen zen txuloaren atarian, munduaren erdigunean" esaldiarekin utzi genuen protagonista hau; orain, ordea, beste xagu bat eta beste txulo baten inguruan aurkituko dugu... egoera erabat ezberdinean.
Bere lau liburuetan Atxagak ederki deskribatu digu nobelakoa den Xola, badakigu zein izango den txakurraren jokabidea, pentsamoldea, iritzia..., badakigu haren naturaltasunak eta inozentziak irribarrea ezpaineratuko digutela. Grogo jauna ere ezaguna zaigu, abantaila hori dugu sail bateko liburuaren aurrean aurkitzean. Baina oraingoan idazleak, eta harekin batera lanean ederki ari den ilustratzaileak, pertsonaia berriak aurkezten dizkigute; izan ere, Grogo eta Xola oporrak pasatzera herrixka batera doaz, eta han Begoña eta Angelitorekin egongo dira. Begoña, Grogoren laguna dugu; Angelito, aldiz haren txakur bitxia.
Topaketa horrek, batez ere txakurraren arteko topaketak, markatuko du ipuinaren garapena. Gure Xola ezagunak honako txakurra aurkitu baitu herrixkan: "bera bezalakoa zen: bere belarriak zeuzkan, bere begiak, bere ilea, bere isatsa. Bera baino ttikiagoa izatea, hori zen bien arteko alde guztia", hori eta Angelitoren izaera. "Angelito ez zegoen jendearekin tratatzen ohitua, bakarrik edota ardi artean pasatzen baitzuen denbora".
Irakurleak ongi asmatuko duen bezala lehenik ere Xolaren ateraldiekin irria ezpainetan bazuen, pentsa Xola horri jendearekin tratatzen ohitua ez dagoen beste Xola bat gehitzen badiogu... eta bien arteko elkarlana.
Angelito, mendiko txakurrak bezala mintzo dena, guztiz obsesionatuta dago sagu batekin; kutxa bateko zulotik ateratzen ikusi zuen saguarekin. Haren betebehar nagusia -eta bakarra- sagu hori harrapatzea izango da, eta horretan Xolaren laguntza aparta izango du, nahiz eta azkenean irakurleak pentsatu sagua beste helburu bat lortzeko tresna besterik ez dela bilakatu bi txakurrentzat.
Ohi bezala, irudia eta testuaren arteko elkarlana aparta da liburu honetan, irakurleak gozatu egiten du istorioarekin, gozatu testuarekin eta irudiekin; are gehiago, haur txikiek ere txakurraren abenturak jarrai ditzakete ilustrazioen bidez. Baina liburua irakurtzen duenak gozatuko du benetan hitzen jolasekin, pertsonaien karakterizazioarekin, argumentuaren garapenarekin... Angelito mendiko txakur bakartia Xolaren kontrakoa omen dugu, baina itxurak alde batera utzita, hitz egiteko modua eta jarrera ezberdinak bazterturta, apur-apurka ohartuko gara txakur bien arteko berdintasun handiaz. Eta amaierako Xolak Angelitoren antz handia duela ikusiko dugu, baita mintzatzean ere: "Hik daukan muturra, hik! Gazta ez zaikela gustatzen esango den ge´o! Ta estrategiya? Ta Xagu?"
Horrez gain, jakina, ironiak ere bere tokia du istorio honetan, txakur biek emaniko aldaketan gauzatzen den ironia, eta Xola Grogo jaunarekin duen harremanean. Begoñak dioen bezala, txakur biak "lehenago familia berekoak ziren. Orain berriz familia eta kultura berekoak!", eta hain zuzen kultura horri esker ikasi du Xolak nola lortu behar duten gazta, Grogo eta Begoñarekin nola jokatu, eta azken horri hitz egiteko era berria: "Hik tripaundi horrek hitzako naiko dittut danak? Ba, izurrai!".
Amaierako ukituak, metaliterarioak, istorioa irekia uzten du, norberak amai dezan, norberak imajina dezan... irribarrea ezagutu gabe une bakar batean ere.