Izenburua: Usoa, Karpeta morea
Idazlea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro
Ilustratzailea: Elena Odriozola Belįstegui
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2003
Bilduma: Usoa
Orri kopurua: 106
Adina: 12tik gora
Laburpena:
Egun gogorrak urte berrikoak Usoarentzat.
Garajeko jaia uste baino okerrago amaitu da.
Asteburua zigortuta igaro behar izan du.
Hori gutxi balitz, amaren ordenagailuan
karpeta bat topatu du, amaren gaumahaian
karpeta more bat, eta bietan hainbat sekretu
deskubritu ditu Usoak. Berari buruzko sekretuak…
Gurasoak gorroto ditu. Izena aldatzea erabaki du.
Kasai izango da aurrerantzean, eta zapi bat
jantziko du buruan. Psikologoak dio hipersentibera
dagoela, hipersentibea… Baina urte berriko lehen
egunetan gizon bat agertuko da haren bizitzan,
Dan, eta atzean geratuko zaizkio urteberriko egun gogorrak.
- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 9.zenbakia 2003ko azaroa Gogorrak dira aldaketak
Duela urte batzuk Usoa, hegan etorritako neskatoa ipuina idatzi zuen Patxi Zubizarretak; geroago, E. Egunkariak Usoa protagonista horretan oinarrituriko istorioak kontatu zizkigun, Elena Odriozolaren irudiez lagundurik. "Xingola" gehigarriko istorio horien ondorioz bi liburu atera ziren, "Usoa" sailari hasiera eman zioten liburuak. Oraingo liburu hau, aurrekoak bezala, sail horretan dago, sail horretako hirugarren alea dugu, hain zuzen, baina ez du aurrekoek bezala zatikako egitura. Karpeta morea liburua nobela bat dugu, jarraian irakurtzeko nobela (ez atalka) eta alde horretatik idazlea askeago ibili da narrazioaren egituran istorio paraleloak sartzerakoan eta argumentuaren garapenean.
Nobela gabonetako oporretan gertatzen da, gabon zaharreko festarekin hasten da eta ikastetxera bueltatu ondorengo egunetan amaitu. Hasiera anekdota bat dugu, festan -Usoa eta haren lagunak gero eta nerabeago agertzen dira bildumako liburuak aurrera egin ahala- ginebra edango dute Unaxek, Usoak... eta batez ere Iratik. Horrek guztiak, eta gurasoei gezurra esateak, zigorra ekarriko dio Usoari. Etxean geratu beharra eta telefonorik gabe. Gezurretan aritzean ondorioa omen.
Une horretan gertatzen da nobelaren giltza izango den ekintza, Usoa etxean bakarrik egonik aurkitzen duen karpeta more bat. Berari eta afrikako bere familiari buruzko informazioa gordetzen duen karpeta. Usoaren lasaitasuna eta egoera patxadatsua hautsirik geratzen dira aurkikuntza horrekin. Gurasoekiko konfiantza ere airean geratzen da... eta Afrikako familia inoiz baino gertuago sentitzen du. Bi sentimendu horien nahasketak -hemengo familiarekin haserrea eta mesfidantzak, eta Afrikakoaren hurbiltasunak- hainbat ondorio hartzera buktzatuko du. Era berean Usoak hemengo lagunekin, bere lagun-taldearekin, bizi dituen eguneroko istorioak tartekatzen dira. Eskola inguruko gertakariak, baina batez ere Manexekin duen harremana.
Argumentua, zalantzarik gabe, erakargarria da. Baina hori baino interesgarriagoa iruditzen zaizkigu patxi Zubizarretak erabilitako elementu literarioak. Narratzaile orojakile eta zuzenean Usoari hitz egiten dionaren nahasketa, tonu, giro eta mezu eraginkorrago baten bila. Edo kanpoko zitak, Ugandako Taban Lo Liyong idazlearean poema bezala, eta ezagunak izan diren gertakariek aipamenak (adibidez, guztiz hunkigarria 1994ko Pulitzer saria irabazi zuen argazkilariarena). Horrekin guztiarekin nobelan zehar bat datoz gertakariak eta irakurlearen sentimenduak; denbora, tonua eta egitura helburu baten atzetik eraiki dira, eta helburu hori erdietsi du egileak.
Hainbat pasartetan hasierako. lehen Usoa (hegan etorritako neskatoaren istorioa), izan dugu gogoan, baina haren ondoren oporretan Irati, Unax eta horiekin ezagututako Usoa dugu nobela honetan. Eta arestian Usoa (eta lagunak, jakina) gero eta nerabeagoa del aesan baldin badugu, ezbairik gabe nobela hau iniziatikoa delako dugu. Usoak haurtzoarekin hautsi behar du lotuago egoteko (Mikel Laboaren zilbor hestearen kantan bezala); bere historia ezagutu behar dugu aurrera egin ahal izateko, Usoa hemengoa baita, baina baita afrikakoa ere. Nahasmen horren erdian dago Usoa, eta bizitzako garai horretako une gogorrak bizitzen, haurtzarotik gaztarora, Afrikakoa eta hemengoa, justiziaren bilaketan eta maitasunarenean... zalantzarik gabe, gogorra benetan.
Elena Odriozolak, bere aldetik, lan aparta egin du ilustrazioak arestian aipaturiko tonu eta egitura horrekin bat egiten , baina horrez gain liburuaren diseinua ere oso ongi landuta dago. Gutxitan aurkitzen dugu gure artean horrelako maila duen lanik (idatzitakoa eta irudiaren aldetik), eta agian onena izango dugu kritikari katalan bati plagiatzea lehen Usoa hari buruz zioena: liburu hau literatura hutsa da.