Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Urrutiko intxaurrak

Idazlea: Manu Lopez Gaseni

Argitaletxea: Erein

Urtea: 1996

Bilduma: Auskalo saila


Prentsako aipamenak:

- Xabier Etxaniz, Egunkaria 1996ko maiatzaren 25a Lapurtutako haurtzaroa

Errealismo kritikoaren bidez idazleek gizartearen inguruko gogoeta bultzarazi nahi dute literatur testuetan. Manu Lopez Gasenik Urrutiko intxaurrak ipuinean Balkobilkora eramaten gaitu berriro, Euskal Herrian dagoen toki urruna, Borroka Arroka nobela lekua, krisi industrialak jotako lurraldea.

Eta krisi horretan banku bateko langilea arituko zaigu kontu kontari, kontu korronte eta ez hain korronte, atzerriko kontuak eta kontuen irekiera aipatzen. Sergio Segurola gaztearen istorioa kontatzen, hain zuzen.

Tenislari ona dela eta, Sergio atzerrira joango da tenisean ikastera, bidaia asko egingo ditu eta gero eta ospetsuago, gero eta inportanteago bilakatuko da, harik eta ustegabeko bukaera iritsi arte.

Baina Sergioren historia aitzakia bat da, aitzakia bat gure gizarteari buruz, gazte prodigioei buruz edo pertsonen erabilerari buruz hitz egiteko. Aitzakia bat da haur eta gazte prodigio horiei lapurtutako haurtzaroaz eta gaztaroaz mintzatzeko.

Urrutiko intxaurrak kontuan, baina, ez da arazorik planteatzen, ezta gizartean ematen diren antzeko gertakarien irtenbidea proposatzen; Manu Lopez Gasenik idatzitako ipuinean historia bat kontatzen da, istorio entretenigarria, atsegina, irakurlearen interesa pizten duena, gainera. Bideratutako testuen errazkeria alde batera utzita, ipuin honetan gure gizartean hainbat neska-mutiko azkar, trebe eta apartekori gertatutako historia komentatzen da. Narratzaile bitxi baten bidez; bankuko bulegotik, distantziatik dena ikus eta azter dezakeen narratzaile hitz jariodunaren bidez.

Lizardi saria irabazi berri duen ipuin honek literatur aldetik duen kalitateaz gain (narratzailea, kapituluetako izenburuen jokua, e.a), era atsegin eta erakargarri batez pentsarazten digu, erreflesionatzen jarri dugun bizimoduaz, gizarteaz, munduaz. Hori guztia, Jon Zabaletaren ilustrazio egoki eta aproposez lagundurik.


Urrutiko intxaurrak