Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Txoria zezenaren adar gainean

Idazlea: Joxan Ormazabal Berasategi

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 1999

Bilduma: Zazpi


Prentsako aipamenak:

- Manu Lopez Gaseni, Behinola 3. zenbakia, 2000ko azaroa Zezenei adarra ez jotzeko metodoa

Zazpi bilduma osatzen duten hogei tituluen artean hamazortzigarrena egiten du Ormazabalen testu honek. Jakina denez, liburuok Estatuko zazpi hizkuntzatan argitaratzen dira, beste hainbeste argitaletxeren lankidetzari esker, eta hasierako irakurleei zuzenduta daude. Oro har, bildumako liburuen gaiak umeen egunerokotasunaren ingurukoak izaten dira, hurbilak elegia.
Ormazabalen liburu honetan, zezenketen berri izan duen txori batek zain daukaten patua jakinarazten die zelaiko itxituran dabiltzan zezen batzuei. Alde horretatik, animalien tortura salatzen du, gaur eguneko ideologia nagusiaren barruan kokatuz (antiautoritarioa, ekologista, ez-sexista...): "Eta hantxe ikusi ditut gizonezko hanka-mehe batzuk zezenak torturatzen eta hiltzen. Azkenean ezpata zorrotz bat sartzen diete bihotzeraino..."(14.or).
Kontakizuna arina da, eta animalia txikiak handiari laguntzearen paradoxa ondo eramanda dago; bukaeraldean, ordea, ezusteko elementu magiko bat agertzen da zezenen laguntzaile: ilargia. Pasarte horien indarra oso handia da, literatur tradizio batzuk -ilargi betearen isla putzuan, zezenaren eta ilargiaren arteko harremana- ezinobeki uztartuz ipuinaren amaiera zoriontsura baitaramate: "Egunsentia zen aintzira baten ondora heldu zirenean. Eta ilargia, poliki-poliki, uretan etzan zen. -Igo nire bizkarrera! -esan zien ilargiak zezenei" (18.or.).
Beste muturrean, iruditzen zaigu kontakizunaren egiturak nabarmen zailtzen duela liburuaren ulermena. Hasierak "ni media res" kokatzen gaitu, eta atzera-aurrerako bidaia egitera behartzen. Beste aldetik, istorio nagusiak beste istorio txertatu bat dauka, eta, liburuaren amaieran, aurreko bi horiek azken orduko narratzaile baten istorioak txertaturik daudela jakingo dugu. Horrelako baliabideak, haur eta gazte literatura modernoan gero eta presentzia gehiago izanik ere, dudazkoak iruditzen zaizkigu irakutzen ikasi berri duten umeei zuzendutako narrazio batean.


Txoria zezenaren adar gainean