Izenburua: Txirrina
Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola
Ilustratzailea: Elena Odriozola Belįstegui
Argitaletxea: Zubia
Urtea: 2004
Bilduma: Sail Urdina
Orri kopurua: 80
Laburpena:
Txirrinak jo zuen, eta hala hasi zen guztia. Simon beldurrez dardarka esnatu zen. Juliaren ahotsa, amarena, zetorkion bainugelatik, batzuetan argiago, beste batzuetan entzungaitz. Simon ohean agondu zen, jaikitzeko asmoz. Zerbait pisua nabaritu zuen, hanka mugitzen uzten ez ziona.
- Xabier Etxaniz Erle, berria 2005eko otsailaren 1a Egun bat baino gehiago
"Egun batzuetan, buelta bat baino gehiago ematen du munduak". Aipu hori aurkitzen dugu nobela honen hasieran, eta aipu horrek adierazi bezala, Simonen egunak buelta ugari izango ditu hurrengo hamabi kapituluetan.
Egun bateko narrazioa dugu Juan Kruz Igerabideren Txirrina nobela, goizean amaren iratzargailuaren txirrinak iratzarri duenetik gauera arte munduaren bueltak Simonen bizitzan. Hirugarren pertsonako narratzaileak, Simonen amesgaizto batetik abiatuta, nobelaren protagonista aurkezten digu hasieran: Simon, hanka apurtuta ohean egon behar duen gaztea. Baina narratzaileak sarritan mutikoarekin bat egiten du, identifikatu egiten da eta horrek ikusten, sentitzen eta pentsatzen duena kontatzera mugatzen dela dirudi. Hala ere, orduak pasatu ahala nabari da zerbaitek gertatu behar duen irudia, arriskuaren presentzia. Izan ere, txirrina elementu inportantea dugu nobelan: komunikazioa baina baita ere inkomunikazioa azaltzeko, distantzia markatzeko edo arriskuaz jabetzeko tresna dugu txirrina. Iratzargailuaren txirrina dugu lehena, baina telefonoarena eta, batez ere, interfonoarena ditugu nobelako egoera aldatzen joango direnak, egoera berrien sortzaile izango direnak.
Simon arriskuan egongo da eta auzoko amona ere salbatu egingo du azkenean, baina ez da abenturazko nobela bat; Simonek lapurrei aurre egin eta ihesi jarriko ditu, baina nobelako elementu inportanteena eguneroko bizitza dugu. Simonek, ohean edo sofan etzanda dagoen bitartean, eskolako eta institutuko hainbat anekdota gogoratuko ditu, aitaren krisia eta gurasoen bereizketa ere presente egongo dira etengabe, aitonaren oroitzapena... eta istorio horiekin guztiekin Simonen baitan aldaketa bat gertatuko da, bizitzaz gogoeta egingo du, ezinduez, alboko amonaz, gurasoez. Nobela iniziatikoa dugu alde horretatik: goizean txirrinak iratzarri duen Simon eta gauean telefonoz aldameneko amonarekin hitz egiten duen Simon gaztea ezberdinak dira, helduagoa hau, ausartagoa, barne indar handiagokoa.
Igerabidek Simonen egun bat kontatzen digu nobela honetan, baina, finean, gazte horren bizitza ari da narratzen. Ikastetxeko giroa, zailtasunak eta egoera bitxiak, familian izaniko une goxoak eta azken garaian etxean dauzkaten arazoak agertzen dira eguneko kontaketan oso modu egokian tartekaturik. Gogoetak, deskribaketek eta telefonozko elkarrizketek osatzen duten puzzle horretan, Simonen berri du irakurleak, hanka apurturik etxean dagoen Simon gaztearen berri, baina baita txikitako mutikoaren berri ere.
Hamar-hamabi orduko istorioa dugu nobela hau. Hasi, amesgaizto batekin hasi eta ondoren ordu batzuk lotan pasatuz, baina poliki-polik, astiro, irakurlea Simonen bizitzan sartu ahala nobelako giroa igotzen hasten da; baditu bi une erabakigarri, lapurrak sartzen direnean etxean eta aitak hots egiten duenean, amaiera aldean. Badirudi Simonen eguneko istorioa jarraitu dugula pelikula bat balitz bezala, batzuetan hirugarren pertsonaren ikuspuntutik, besteetan Simonen beraren barnetik, eta eguneroko informazio guztia, egun osoan jakin dugun guztia (erantzunik gabeko deiak, abokatuaren eskutitza, aitaren lagunaren deia, eta bar) une horiei begira egon direla. Horrela, azkenean amaiera iristen denean pelikuletako happy end horietan gaudela ematen du, baina guk badakigu azken orrialdean zuriunea hasten denean nobela amaitu bai baina istorioa ez, Simonen bizitzak aurrera jarraitzen duela, "esperantzak etxe hura" besarkatu ondoren, munduak, egun batzuetan, buelta bat baino gehiago ematen duelako.