Izenburua: Txirolo
Idazlea: Maribel Aiertza Rementeria
Ilustratzailea: Manu Ortega
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2022
Bilduma: Gaztetxo!, 39
Orri kopurua: 80
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Nobela errealista da, haur baten eguneroko bizitza deskribatzen duena, bere familiak egoera ekonomiko zail bati aurre egin beharko dion momentutik jasango dituen gora-beherekin. Eskola-jazarpena lehen planoan jarrita, garapen pertsonala eta gatazken konponketa bezalako gaiak hizketagai ditu. Hamahiru ataletan banatuta dago. Tonuari dagokionez, inozentziatik kontatuta dago.
Protagonista bera da narratzailea, eta oraindik ere haurra denean egiten du kontakizuna. Deskribatzen diren pasarte eta egoera asko oso gogorrak izanda ere, ez dago modu dramatikoan idatzita, haurraren tolesgabetasunetik baizik. Sosegua eta, nolabait, baikortasun tonua mantentzen da.
Urko ez da etxe normal batean bizi; aita langabezian geratu denean, belaontzi batean bizitzen jarri da gurasoekin. Pozez hartu du aldaketa, oporretan bezala biziko delakoan. Baina Aitzol harroputzak zerbait jakin duenean, iseka eta irain jazarpen gordina hasten du haren aurka. Denetik egiten dio. Ezizen itsusi bat ere jartzen dio: Txirolo. Eta honek bai ematen diola min. Urkok skatearen gainean grindatzen eta jauzika ahazten ditu penak eta minak. Probintziako skater onena da eta Aitzol eta haren lagunen jazarpenaren gainetik, nazioarteko lehiaketa irabaztea lortzen du. Sariaren poza mikazten diote, halere. Dena den, Urkok aurrera jarraitzen du eta bere familiaren laguntza dauka beti. Azkenean, aitaren lana dela eta, Bartzelonara joaten dira bizitzera eta Urkok bizitza berri bat hasten du, Aitzol harroputza atzean utziz.
Ilustrazio lanak testuan jasotakoa indartu edo azpimarratzen du, eta nolabait narrazioa arintzen laguntzen du. Azalekoaz gain, sei marrazki agertzen dira eleberrian zehar. Txuri-beltzean eginda daude, orrialde bakarrekoak dira, eta protagonista agertzen da guztietan. Narrazioaren pasarterik esanguratsuenak aukeratu ditu ilustratzaileak.
Xabier Etxaniz Erleren kritika Argian