Izenburua:
Txakurraren alaba
Idazlea:
Xabier Mendiguren Elizegi
Argitaletxea:
Elkarlanean
Urtea:
2000
Bilduma:
Branka
Orri kopurua:
192
Laburpena:
"Inork galdetzen badizu, zuk esan aitak Correosen egiten duela lan, edo Telefonican bestela". Hitz horiekintxe hasten da eleberria, protagonistaren arazoa gordin agertuz: Teresa Márquez 16 urteko neska bat da, Zaragozatik Donostiara datorrena bizitzera, bere aita guardia zibil edo polizia bertara trasladatu dutela eta; hiri eta giro berri batera egokitzeak beti dakartzan arazoei, bere nortasuna ezkutuan gorde beharra eransten zaie hemen. Hala ere, neska argia eta sentibera da Teresa: paisaiaz eta itsasoaz maiteminduko da laster, eta arrotza zaion herria ezagutzeko jakin-mina piztuko zaio. Bere bihotz zabala eta isilpean ibili beharra elkarren aurka ariko dira nobela osoan, gero eta biziago, gertaeren kateak azkenean emozioz gainezka egin arte.
Prentsako aipamenak:
- Javier Rojo, El Correo 2000ko abenduaren 2a Eleberriaren itxurapean
Eleberriaren itxura eman dio Xabier Mendiguren Elezegik bere azken liburuari, "Txakurraren alaba" izen deigarria duen honi. Eleberriaren itxura du, eleberriek izaten dituzten osagaiak aldez edo moldez agertzen baitira bertan, eta narrazio bat erabiltzen duelako. Hemen kontatzen da nola Euskal Herrira destinatuta etorri den polizia baten alaba, hamasei urteko neska, moldatzen den giro berri eta arrotz batean bizitzen. Istorioa interesgarria izan zitekeen, idazleak benetan istorio hori kontatu izan balu. Idazleak, ordea, bestelako gauza egin du: istorioa erabili du Euskal Herriaren egoeraz hitz egiteko, ikuspuntu zehatz bat agertuz, esfortzu handirik gabe talde politiko batek duenarekin erraz identifika daitekeena. Tesi ideologikoa azaltzeari garrantzirik handiena emateak mugatzen du nobelaren planteamendu osoa. Egoera guztiak, pertsonaien jarrera eta karakterizazioak, esaten dituzten hitzak eta beraien arteko harremanak, dena azken finean, tesi hori azaltzeko edo tesi horren adibideak emateko erabiltzen da. Zein da ondorioa? Euskal Herriaren egoeraz aritzen diren elkarrizketa batzuk, hizkuntzaren aldetik hitzaldi politikotik oso hurbil daudenak, narrazioaren aztarna txikiak dituen marko batean txertatuak.
- Jon Benito, Gara Historia ez oso fiktizioa
Euskal Herria garai gogorrak igarotzen ari den honetan halako liburuez oroitzen gara. Edo behar ditugu. Odola badaramagula zainen barrenetatik sentitzeko. Munduaren eta gertakarien konplexutasunari aitzakiarik ez botatzeko. Halakoetan irakurri ditugu liburuaren orriok. Gertakari subjetiboegiak baina, liburukoak. Aldi berean errealegiak eta fikzio gehiegizkoak iruditzen zaizkigunak. Hori guztia iradoki digu luburuak. Fikziotik eta errealitatetik hain hurbil dabilen lana, hau. Sinesgaitzetik ulergarriena biltzen dituen eremuen barruan mugitzen den lana; hau. Oportunoa da liburuari lot geniezaiokeen adjetibo nagusia. Nahiz eta siniestro edo makabro samarra ere emango duen. Oportunoa esan dugu, bai, baina ez oportunista, kasu hauetan esan ohi den legez. Hori siniestroagoa litzateke eta.
Liburuaren argumentua nahiko sinplea da. Protagonista polizia espainol edo guardia zibil baten alaba dugu. Berau, aitaren lana dela eta, Donostiara etorri da bizitzera. Eta horra ondorio guziak. Lagun berriak, leku berriak, arazo berriak... Eta lehen eraikitako topiko guztien egiaztatzea. Hori guztia agertzen da liburuan. Baina horren sinplea ez da gertakarien osotasuna. Testuinguruan sakontzeko aukera paregabea eskaintzen digu honek. Testuingurua protagonistaren barnean beti presente agertuko da, eta erantzun gabeko galderen jomuga izanen. Kanpotik datorren eta guztia berri zaion gazte baten ikuspuntutik, gure eguneroko errealitatearen kontaketa inozente bat egiten digu. Inozentea aipatu dugu, gurea gehiegi nahasiz, konplikatu ditugun eztabaidetatik aldendu eta, errotik, gure inguruko gertakariei oinarrizko begirada bat botatzeko balioko diguna. Kezka bateko eta bestekoen iritziak, erantzun gabeko galderak, etengabe sortuko dira neskatxaren buruan. Liburuan bi alde kontrajarri agertzen dira etengabe, kontraesanean. Familia eta lagunena. Bihotz zabala eta isilpean ibili beharrena. Kontrasteak etengabe. Gure herrian bezala.
Xabier Mendigurenen eskutik, lan hau. Azken lanetan ohituta gauzkan bezala, adoleszenteak, nerabeak, protagonista dituen lantxoa. Aipagarria da nola egileak daraman liburuen tentsioa in crescendo. Apenas bustitzen duen lanbrotik hasi, erauntsirik gogorrenarekin amaitzeko. Inor ezagutzetik, Teresa, protagonista, errealitatearen mamian sartu arte. Halaxe, errealitatearekin izango dituen lokarri bakarrak bi polo aldenduenetakoak baitira. Euskaltegia edo etxea. Institutua edo Yolandak egindako gorrotozko erradiografia. Kontrasteak etengabe. Bi aukera. Hori guztia liburuaren titulu txundigarri honen azpitik. Gurean, txakurrei buruz hitz egiten dugunean, gutxitan hitz egiten baitugu zoologiaz. Horixe liburu honek aportatzen duena, ikuspuntu berri bat eguneroko batailari. Ikuspuntu berri bat eguneroko batailari. Horixe, eta batzuetan hainbeste behar dugun elkar ulertzea. Ikuspuntu osotasuna. Gertakarien aurpegiak ezagutzeko. Agerian daudenek eta ez daudenak.
- Deia 2000ko uztailaren 21a Polizia baten alaba eta Euskal Herria
"Inork galdetzen badizu, zuk esan aitak Correosen egiten duela lan, edo Telefonican bestela". Hitz horiekin hasten da eleberria, protagonistaren arazoa gordin agertuz: Teresa Marquez 16 urteko neska bat da, Zaragozatik Donostiara datorrena bizitzera, bere aita guardia zibila edo polizia bertara trasladatu dutela eta; hiri eta giro berri batera egokitzeak beti dakartzan arazoei, bere nortasuna ezkutuan gorde beharra eransten zaie hemen. Hala ere, neska argia eta sentibera da Teresa: paisaiaz eta itsasoaz maiteminduko da laster. Xabier Mendiguren Elizegiren azkena (Elkar).