Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Tunelaz bestaldean

Idazlea: Joxerra Garzia Garmendia

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Argitaletxea: SM

Urtea: 2000

Bilduma: Baporea bilduma

Orri kopurua: 112

Adina: 12tik gora


Laburpena:

Martinen bizitza "pena eta mixeria" eta interesgabeko bizimodua da. Hala ere, opor batzuetan kalean gitarra jotzen duen musikari berezi bat ezagutzen du. Ezagutza horren bidez Martinek familia, lagun eta neskekiko harremanen gaineko ikuspuntua aldatu eta gauza guztien sekretua norbere barruan dagoela ikasiko du.


Prentsako aipamenak:


- Julen Gabiria, Deia Hitzak dastatuz

Joxerra Garziak ohituta gaitu harribitxietara. Horren adibide da bere "Egonean doazen geziak" liburu mardula. "Metaforismoa" hizarekin bataiatu zituen berak liburu hartan bildutakoak, eta gaur esku artean darabilgun gaztetxoentzako nobela honetan ere metaforismoen usaina harrapatu dugu (edo usainak harrapatu gaitu, ondo harrapatu ere) bere orrialdeetan zehar.

Idazleak hasierako lerroan bertan ematen dio lehen zartakoa irakurleari: "Zoragarria da gaur egiten ez duen eguraldia". K.O. teknikotik gertu, irakurleak ez daki orain zer egin: orrialdeak irentsi ala esaldiak banaka dastatu. Guk bigarren aukera hartu dugu, jakin arren modu horretara kolpeak ere zorrotzagoak izango direla. Edo hobeto esanda, horrexegatik aukeratu dugu bigarren bidea, gogoz gaudelako idazleak bere ironiarekin eta zentzu biko arrazoiekin zenbait zaplazteko eman diezazkigun. Eta egia da: "Tunelaz bestaldean" kolpez-kolpe, zartakoz-zartako eraikitzen doan liburu bat da. Haur eta gazte literatura azpigenerotzat duen orok irakurri beharrekoa, ohar dadin literatura onak ez duela "haur" edo "gazte" bezalako etiketarik behar. Liburua erreflexiorako gonbitaz beterik dago. Martin, protagonista nagusia, Dudako herrian bizi da, Baierri eta Ezerriren artean dagoen toki horretan. Euskal Herriaz ari gara, esate baterako: pauso bakar batek baietzetik ezetzera eraman gaitzakeen herriaz, dudaz betetako herriaz. Eta bakoitzaren zalantzen munduaz ari gara, noski: kanporako itxura bat ematea ala gu geu izatea, errealitateari aurre egitea ala gaur egiten ez duen eguraldia zoragarria dela pentsatzen segitzea. Eta Dudako herrian hondartza bi daude, eta bien artean tunel bat. Eta Martinek tunelaren erdian aurkituko du bere zalantza horien guztien irtenbidea, musikari baten kantuaren bidez: bizitzak sekretu asko dituela, eta sekretu horien esanahia bakoitzari loratzen zaizkion sentimenduetan dagoela. Eta daukaguna maitatzen ikasi behar dugula, eguneroko gauza txiki bezain inportante horiek. Eta ez gaur egiten ez duen eguraldia.

1999ko "Bapore" lehiaketan irabazle eta 2000ko Euskadi Sarietan finalista haur eta gazte literaturan, obra honek toki berezia merezi du gure liburutegian, hainbeste mimoz landutako hitz bakoitzaren atzean gogoetarako tunel bat daukagulako zain, gu barrura noiz sartuko.
- Felipe Juaristi, Diario Vasco Egiten ez duen eguraldia bezala. (08-09-01)

Joxerra Garzia, idazle ona izan arren, idazketa dotorearen jabe baita, ez da behar bezain ezaguna seguru asko, obra askorik, obra handirik ez duelako beharbada. Obra aipatzen zidan duela gutxi idazle oso ezagun batek, "obrarik gabe ez zagok ezer", berak, hori esaten zidanak, urtean bi liburu argitaratzen baititu, onenean, eta lauzpabost, txarrenean, obra, bai, idazleok eraikintzako pioiak baikara, obra-egileak, noski. Obra asko ez du izango Joxerra Garziak, baina daukana txukuna da oso, behar den bezalako, jakina. Poesia idatzi du, eta poesia diodanean ez naiz bertsoei buruz ari, utikan halako tentaldirik, nigandik behintzat, poesiaz ari naiz, poesiaz. Horretaz gainera gazteentzako ere idatzi du suerte onarekin, bi aldiz irabazi baitu Baporea Saria. Aurreneko aldian liburu zoragarri batekin, bai. Idazleari buruzko datuak ematen hasita, liburuaren atzealdeko testura jo eta hantxe jakin dut Lepazpin jaioa dela, eta harritu ordez, lasaitu egin naiz, konturatu bainaiz benetan dela Joxerra Garziaren liburua, Legazpin jaio beharrean kapaza baitugu Lepazpin ere jaiotzeko. Maisua hitz-jokoetan; sena du alegia; ibaia, horixe. Liburua ez da umorezkoa, hori aldez aurretik esan beharra dago. Nahikoa xelebrea da, egiten ez duen eguraldia bezalakoa, eta tristea oso. Ama urruti bezain gertu (kartzelan) eta aita gertu bezain urruti (etxean) duen mutiko baten historia kontatzen digu, nola apurtzen dituen aitarekin harremanak eta nola estutzen lagunekin. Tartean, gitarra jotzaile bat, grekeraz kantatzen duena eta mutilari bidea erakutsiko duena. Heziketa, hain zuzen. Nik, egia esan, kontu asko ez ditut ulertu, edo, hobe esan, ez ditut ulertu nahi izan. Hartu dut historia bere orokorrean eta horixe, xelebrea iruditu zait, tristeaz gainera: egiten ez duen eguraldia bezalakoxea. Seguru aski idazketa sinbolikoa duelako liburuak, irakurketa ere sinbolikoa eskatzen du, eta sinboloak bakoitzaren zorroan gordetako geziak dira, min egin dezaketenak azkenik.
 


Tunelaz bestaldean