Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Triangelu hautsia

Idazlea: Txema Garcia-Viana Arenales

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 1998

Bilduma: Ostiral

Orri kopurua: 144


Laburpena:
II. Karlistada garaian, Euskal Herritik Venezuela aldera ihes egin zuen mediku gazte baten istorioa kontatzen zaigu hemen. Venezuelan neska eder bat ezagutu, eta harekin maitemindu zen. Haretxen ahotik ikasi zuen urte batzuk lehenago Urrezko Triangelua izeneko espedizio batean parte hartu zuela neskaren aitak. Espedizio hark, euskal pirata baten altxorraren bila Amazoniaraino joan bazen ere, ez zuen bere xedea lortu, eta hainbat heriotza misteriotsu gertatu zen. Hori guztia argitze aldera espedizio haren urratsei jarraitzea erabaki zuten protagonistek.


Prentsako aipamenak:

- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 1.zenbakia 199ko azaroa ABENTURA ETA MISTERIOA

Martin Agerreberrik sendagilearen bizitza (edo bizitzaren garai bat, hobe esanda) azaltzen zaigu Labaien saria irabazi duen nobela honetan. Mediku tolosarra karlistadetan alde batekoak nahiz bestekoak laguntzeagatik guztiengandik ihes egin beharrean aurkituko da. Azkenean, joan den mendeko beste askok bezala, hegoamerikarako bidea hartuko du eta han bizitza berreraiki berriro.

Venezuelan gertaturikoak dira, hain zuzen, liburuko pasarte nagusia. Izan ere, Puerto Ayacuchora iritsi eta berehala hasten baita Urrezko triangelua izeneko espedizioaren berri izaten eta espedizioan gertatu zena argitzeko asmoarekin. Maria, Pedro, Manuel eta Jupura indioaren laguntzaz burutuko da espedizio berria eta hainbat abentura izan oihanean.

Altxorraren bila izan nahi duen espedizoa, aurrekoan gertaturiko ikertu eta argitu nahi duena bilakatzen da zenbait unetan. Hilketa misteriotsu batzuk gertatu ziren Urrezko triangelua espedizioan eta Martinek ez du amorerik emango horiek argitu arte. Eta jakina, hilketak eta altxorra oso erlazionaturik daude. Baten giltza bestearena ere baita.

Nobela oso azkar irakurtzen da, elkarrizketak ugariak dira eta bizi-biziak, deskribapenak bezala. Hala ere, zenbait unetan irakurleak senti dezake ez dela ezer gertatzen misterioa edo altxorra non dagoen jakiteko prozesuan. Bukaeran, baina, horren guztiaren zergatia azaltzen zaigu, misteriozko edo nobela poliziakoetan gertatzen den moduan.

Dena dela, nobelan dagoen balio handiena abentura eta misterioan legoke eta ez egituran edo pertsonaien karakterizazioan,... Denboraren tratemanduan, esate baterako, desorekaren bat edo beste badago, 74. orrian herrikoek iritsi berriak diren gure lagunei esaten diete eurite garaian zingirak itxi eta iraganezin bihurtzen direla, baina handik bizpahiru egunetara “eurite garaia zen” dio Martinek (100. orria). Bestalde, liburuak duen tratamendu deskriptibo serioarekin ez du bat egiten bukaera aldera agertzen den “Hirugarrenetik, tira, hori nik egindako amets bati dagokio, eta ametsa den aldetik, nire baitan gordetzeko eskubidea aldarrikatzen dut.” (132. orria), are gutxiago narratzaileak bere aluzinazioak, pentsamenduak, eta abarrak kontatu izan dituenean aurreko orrietan.

Baina hutsegite horiek albo batera utzita, Triangelu hautsia oso arin irakurtzen den abenturazko nobela entretenigarria dugu. Eta duela urte batzuk M. Olaziregik egindako inkestaren arabera abentura eta misterioa izanik gaztetxoei gehien gustatzen zaizkien gaiak, ziur gaude oraingo hau irakurriz ederki disfrutatuko dutela. Ondo pasatzeko elementu ugari baititu Martin Agerreberriren bizitzak (edo bizitzaren garai batek, hobe esanda).

- Javier Rojo, El Correo 1998ko uztailaren 22a Altxorraren bila

Txema Garzia-Vianak bigarren karlistadan kokatu ditu bere eleberri honetan kontatzen dituen ekintzak. Garai horretan eta halako gatazka batean erdian egotea ezinezkoa delarik (honek, azken finean, alderdi bietan etsaiak edukitzea baitakar), mediku gazte batek Euskal Herritik ihes egin du Benezuelako bidea hartuta. Han misterio batekin topo egingo du eta lagun batzuekin altxor baten bila sartuko da oihanean. Eleberriak, momentu honetara arte abenturazkoa izango zela zirudien arren, misterio eta intrigazko osagaiak izango ditu aurrerantzean, ia-ia oihaneko nobela poliziakoa izan arte. Argumentu nagusi honetan, tarteka istoriotxo asko sartzen ditu egileak: indiarren elezaharrak, ametsak egunkarietatik (itxuraz hala, behintzat) ateratako ataltxoak. Halako moldez, non azkenean altxorraren bilaketa honelako istoriotxoak kontatzeko aitzakiarekin itxura handiago baitu, eleberriaren hari nagusiarena baino. Eleberria, edonola ere, ondo idatzita dago, eta batzutan oso interesgarria ere bada. Baina halako inpresio bitxia utzi dit; istorioa faltsua dela, argumentuan zuloak daudela (hau intriga istorio batean akats handia izan daiteke) eta hor kontatzen direnek ez diotela eleberriaren benetako eta berezko logika bati jarraitzen.


Triangelu hautsia