Izenburua: Totem printzesa
Idazlea: Sébastien Perez
Ilustratzailea: Justine Brax
Itzultzailea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2022
Orri kopurua: 40
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Album formatuan aurkezten zaigu ipuin ilustratu hau. Fantasiazko testuinguru batean kokatzen da, eta pertsonaia, izaki zein leku sinbolikoen bitartez irakaspenezko istorioa helarazten zaigu, gaitzat harturik norberaren izaera, hauturako askatasuna eta tribuarekiko harremana.
Hirugarren pertsonan idatzia egonagatik, tonu lirikoa darabil liburuak, printzesa protagonistaren emozioak adierazten baitira kontakizuneko elementu guztiekin: ekintzak, paisaiak, esaldien kadentzia... Honekin lotuta, tonu erromantikoa ere baduela aipa dezakegu, mugimendu honi dagozkion hainbat ezaugarri baititu istorioak: norbanakoaren identitatearen gorazarrea, ezarritakoaren aurrean errebelatzea, emozioen garrantzia eta hau paisaiarekin eta inguruarekin adieraztea eta introspekzioa, besteren artean.
Ipuin honek, June printzesaren bizitzako une esanguratsu bat kontatzen digu. June jaio zen unetik ari da prestatzen totem animaliarekin bat egingo duen egunerako. Prestakuntza erritualak kontatzen zaizkigu hasieran, eta prozesu guzti honetan printzesaren zalantzen berri daukagu. Hargatik, eguna iritsitakoan totem gisa egokitu zaion arranoarekin bat egitea lortzen du. Hegazti harraparia da totema, eta harekin hegan hasten da eta zoriontsu sentitzen da. Baina gosea sentitzean, untxi txiki bat erasotu eta jaten du. Junek ez du halakorik egin nahi. Egokitutako patua arbuiatuz, arranoaren gorputzetik irtetean ihes egiten du. Bere bidea egitea aukeratu du, gogorragoa eta ezerosoagoa izanagatik. Eta han doa, totem animalia bere sorbaldan pausatua, bidean lagun.
Ilustrazioek testuko hainbat une adierazten dituzte. Orrialde osoak hartzen dituzte, detailez josiriko marrazkiekin. Kolore hotzeko hondoak dituzte, hauen gainean nabarmentzen delarik kolore arrosa-fluorrarekin egindako motiboak, diseinu edo dekoraziotik gertu daudenak, eguneratutako “art decó” moduko bat gogoraraziz.