Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Thule

Idazlea: Joanes Urkixo Beitia

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 1998

Bilduma: Branka

Orri kopurua: 185


Laburpena:
Veneziako portuan, XIV. mende amaieran, euskal marinel bi topatuko ditugu, Juan Olanokoa Bermeotarra eta Iñigo Bertendonakoa bilbotarra, piraten eraso batean euren barkua galdu eta berri baten bila. Niccolo eta Antonio Zeno merkatari veneziarrak ezagutuko dituzte, eta hauekin batera abiatu Europako Ipar Itsasoetan barrena, salerosketan jarduteaz batera helburu sekretu batekin: Thule uharte mitiko eta misteriotsua deskubritzea. Bidaian zehar mila arazo izango dituzte: itsasoko ekaitzak eta piztiak, espioiak eta sabotaiak, Asua pirata bizkaitar zitala...


Prentsako aipamenak:

- Laura Sagastume, Behinola 1.zenbakia, 1999ko azaroa Gazteentzako nobela bakan bezain gomendagarria
Lehen irakurleentzako euskal original eskasia nabarmendu izan den bezala, antzeko zerbait esan daiteke gure gazte literaturaz: itzultzeko hautatzen diren liburuak, oro har, maila onekoak dira eta itzulpenak beraiek, azkenik, gero eta hobeak; baina tamalez originalak esku bateko atzamarrekin konta daitezke. Eta gazteentzako nobela bakan horietako bat Joanes Urkixoren Thule nobela dugu.
Nobelaren tramaren ildo nagusiak ezagutzearren, liburuaren kontrazaleko laburpen argigarria irakurtzen has gintezke: «Veneziako portuan, XIV. mende amaieran, euskal marinel bi topatuko ditugu: Juan Olanokoa, bermeotarra, eta Iñigo Bertendonakoa, bilbotarra, piraten eraso batean euren barkua galdu eta berri baten bila. Niccolo eta Antonio Zeno merkatari veneziarrak ezagutuko dituzte, eta hauekin batera abiatu Europako Ipar Itsasoetan barrena, salerosketan jarduteaz batera helburu sekretu batekin: Thule uharte mitiko eta misteriotsua deskubritzea.»
Eta behin tramak dituen ildo nagusiak ezaguturik, argi ikus daiteke abentura nobela baten aurrean gaudela, neurri batean historikoa ere badena. Abentura nobela honen ezugarririk nabarienak hauetxek lirateke: ekintza etengabea, lurralde ezagun eta exotikoen arteko uztarketa zaindua, deskribapenen presentzia neurtua… Hori guztia oso ongi kontatua dago eta XIV. mendekoak diruditen —itsas— hitz estrainioak primeran txertatuak daude testuinguru argigarrietan. Itsas hiztegia ere landua dago eta koherenteki emana, eta begien bistakoa da bizkaierarekiko keinua. Hori guztia kontua harturik, ondorio hau atera genezake: abentura nobela on baten aurrean gaude eta irakurle gazteak atseginez egingo du aurrera olatuen arteko abentura hauetan barrena.
Kritikari honen ustetan, gutxi —eta subjektiboak— dira emaitza eder honetan huts egiten duten elementuak, hala nola nobelako amodioaren garapen azkarregia edo pertsonaien karakterizazio laua (nahiz eta oso keinu polita izan pirata gaiztoa ere euskalduna izatea…). Edozein modutan, benetan gomendagarria da iazko produkzio urrian nabarmendu zen nobela honen irakurketa


- Xabier Etxaniz Erle, Egunkaria 1999ko maiatzaren 15a Abenturak harrapaturik

Bi gazte zarpail Veneziako portuan dauden 1379. urtean. Ontzi agertu berri bakoitzari haren bandera ikusi eta etsiturik daude. Honelaxe, giro honetan, hasten da Joanes Urkixok idatzitako azken lana. Marinel istorio bat XIV. mendean. Eta protagonisten artean, nola ez, euskaldun batzuk ageri behar (zarpail haiek, beste batzuen artean). Izan ere, pirata batzuen erasoa jasan duten euskal naufragoak baitira Veneziako portuan dauden gazteak (Veneziako naufragoak izendatzen ditu egileak); baina beren jatorria, abilezia eta jakituria erabakiorrak izango dira Niccolo eta Antonio Zeno merkatari veneziarrekin topo egiterakoan.

Elkarketa haren ondorioz abenturazko nobela batean sartzen da irakurlea (lehendik ere Juan Olanokoa eta Iñigo Bertendanakoa gazteek jasandako erasoa abentura horren hasiera den bezala, Asua euskal pirataren itzala nobela abentura horren hasiera den bezala. Asua euskal pirataren itzala nobela guztian zehar nabarituko dugu). Espiak, lurralde ezezagunak, itsasoko arriskuak, piratak... eta abenturazko nobelan dauden ezaugarri horiez gain maitasuna, adorea eta leialtasuna aurki ditzakegu hasi eta amaiera arte irakurtzen jarraitzeko gogoa ematen duen nobela honetan. Thule izeneko irla mitikoak ematen dio izenburua liburuari, eta irla horretara eginiko bidaia izango da arestian aipaturiko gertakari eta abentura guztiak lotuko dituen haria. Hari edo lokarri sendoa, jazoera baten ondoren hurrengoa espero baitu irakurleak, aurrekoaren ildotik bidaia guztia den abenturari batasun bat emanez. Dona Di Mare ontziko ibilaldian Tedesco marinelaren jokabide maltzurra ikusi arren (hirugarren pertsonan kontaturiko istorioan narratzaile orojakile horrek abisatzen digun bezala) irakurleak ez du haren gorrotoaren zergatia erabat harrapatuko nobela oso aurreratua egon arte, edo beste modu batean esanda Iñigok duen mesfidantza argituz joango da bere susmoak egiaztatu ahala.

Abentura nobela bat dela esan dugu, eta abenturak dira liburuko protagonista nagusiak. Idazkera, estiloa bera ere, abentura asmo horren mende dago, idazkera arina, irakurterraza, elkarrizketa bizi eta aukeratuekin dugu; baina, aldi berean, estilo zaindua, landutako idazki baten aurrean gaude. Arestian aipaturiko hasi eta amaitu arte irakurtzen jarraitzeko asmo horrekin bat datorren estiloa, hain zuzen. Eta horixe litzateke nobela honen lorpen handietarikoa, argumentuak eskatzen duen estiloa. Ziuraski irakurleen gozamena lortu nahi izango zuen egileak, horixe nahi izango dute Joseba Jaka beka eman ziotenek. Guk geuk, nabaria den bezala, Joanez Urkixoren idazlan honekin, istorioarekin eta istorioaren kontaketarekin, arintasun eta bizitasun zaindu horrekin, disfrutatu egin dugu.


Thule