Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Stukaren itzala

Idazlea: Pau Joan Hernández

Ilustratzailea: Antton Olariaga Aranburu

Itzultzailea: Joxan Elosegi

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2000

Bilduma: Branka

Orri kopurua: 211


Laburpena:
Tischler familia judua, Hitlerrengandik ihesi, Alemania utzi eta Kataluniara etorri da, jakin gabe hemen ere guda bat pizteko zorian dagoela, eta gerra zibil horretako sugarretan desagertuko direla denak...<BR>
Hirurogei urte geroago, David Tischler ikasle gaztea dator Hanburgotik Ebro ertzeko herrixka batera, bere senide galduen arrastoren baten bila. Ez du haien aztarnarik aurkituko, baina bai bi lagun on, Roger eta Elvira, egun zoragarri batzuk pasaraziko dizkiotenak. Oporraldi atsegina zirudiena, ordea, nahastu egingo da bat-batean, iraganeko mamuak bizirik baleude bezala. Historiako krimenak eta norberaren iragana, adiskidetasuna eta amodioa, injustizia eta barkamena... gai anitz ageri dira eleberri eder, sakon eta hunkigarri honetan.


Prentsako aipamenak:

- Ana Urkiza, Behinola 4. zenbakia 2001eko apirila Denborak ez du ezer ezabatzen

Historia denborak egiten du, historia iraganak jazten du, historia bihotzak ezagutzen du, historia buruan gordetzen da... Denborak ostera, historian zehar pairatutako sufrimendua gorroto bilakatzen du, denborak ez du historia ezabatzen, denborak, finean, grinak errazago eramaten baizik ez du laguntzen...

Gogoeta hauexek ditu Pau Joan Hernandez-en liburuak abiapuntu eta jomuga.

Abaniko itxura duen eleberri honetan, idazleak hasieran aurkezten du kontakizunaren gaia eta azkenean emango du gertakizunaren inguruko azalpena; baina eleberri guztian zehar pistak eta jakingarriak eskainiz joango da, irakurleari istorioaren inguruko detaileak emanaz, eta pixkana-pixkana, irakurlea ere istorioan bertan inplikatuz.


14 kapitulutan banatutako eleberri bikain honek, honako hau kontatzen du: Tischler familia judua, Hitlerrengandik ihesi, Alemania utzi eta Kataluniara joan zen, jakin gabe, han ere gerrate zibila pizteko zorian zegoela. Tischler familia gerrate hartako sugarretan desagertu zen. 60 urte geroago, David Tischler gaztea, Hanburgotik Ebro ertzeko Benissuda herrixkara helduko da, bere senide galduen arrastoren baten bila. Han, Elvira eta Roger-ekin bat egingo du, eta hauek lagunduko diote bere bilaketa prozesuan. Hirurak hiruretara ere, inolaz ere espero ez dituzten gertakizun eta egiekin egingo dute topo.

Barne egiturari dagokionean, hiru atal bereiz genitzake kontakizun honetan: sarrera edo hiru pertsonaia nagusiak aurkezten diren atala, bilaketa prozesua edo gertakizunaren korapiloa, eta bilaketaren arrazoia izango den aurkikuntza eta amaiera.


Ezabatu ezin den historiaz

Denborak ez duela ezer ezabatzen esaterakoan, zer ote den hobe galdetzen du narratzaile orojakileak: egia jakitea edo ez jakitea. Inork ez diola iraganari ihes egiten esango digu idazleak, Benissudako egia jakitera helduko garela iragarriz.

Kontakizunaren giltzarria izango den beste ideia bat, belaunaldi ezberdinen arteko ulerketa izango da, honako gogoeta honekin ezagutarazten duena narratzaileak: “Gurasoen bekatuak seme-alaben gainera eroriko dira”. Roger eta Elviraren arteko harremana gurasoek ez dute ondo ikusten, klase ezbedinetakoak direlako. Arrazoia, ostera, eleberriaren azkenean ikusiko den bezala, bestelakorik da: egia ezkutatu nahia, historia ezabatu nahia... historian zehar belaunaldiek gorde dituzten sekretuen ondorioa...

Eleberriak gertakizunari buruz bi irakurketa egiteko aukera ematen du: Rogerren ikuspegitik egiten dena batetik, eta Elvirak egiten duena bestetik. Irakurleari, momentu batez, bere aukera egiteko posibilitatea ematen zaio baina berehala azaltzen zaio egiaren aurpegia zein den. Azkenean, bizitzak, goseak, gerrak, iraunbizitzea eskatzen duela esango du Elvirak, eta testuinguru horretan ulertu behar direla gerra garaian egindakoak eta gertatutakoak, eta ezin dela historia ezabatu, ezin dela ezkutatu, ezin dela ixilarazi... Alde horretatik, hobe dela egia lehenbailehen jakitea. Ixiltzeak, gaizkiulertuek eta gorrotoek, familien arteko hoztasuna baizik ez baitakarte.


Eleberriak jorratzen dituen gaiak, historiak gordetzen dituen hilketen justifikazioa, gerrako krimenen azaleratzea edo ostentzea, iraganaren tratamendua, adiskidetasuna eta amodioa, gerraren ondorioak, ahaztura eta barkamena dira, besteak beste.

Pau Joan Hernandez-en eleberriaren ekarpen nagusia, hala ere, detaile kopurua eta detaile guzti horiek lotzeko erakusten duen ahalmen ikaragarria da. Irakurlea ez da behin ere galtzen eta narratzailearen eskutik, pista berriak deskubrituz doa etengabe. Loturak ere aberatsak dira oso: historikoak, literarioak, kritikoak...


Pertsonaia nagusiak David, Roger eta Elvira badira ere, beste pertsonaia anitz agertzen da eleberrian. Eta pertsonaia bakoitzak, rol aurredefinitu bat du: Franz alemana egiaren aurkikuntzarako giltza, Elviraren amona egiaren iragarlea, Rogerren aita lehenengotik susmagarri...


Stukaren irudia eleberriaren giltza askatzailea da: gerrako elementua, herriaren historiaren itzala, gertakizunaren eta krimenaren lekuko, istorioari zentzua emango dion elementua.


Hunkigarria eta erakargarria

Tentsioa uneoro goian mantentzen duen eleberri hau irakurterraza egiten da: intriga handia sortarazten du, misteriotsua da, gazteen lengoaiara bikainki egokitua, historiaren azalpen erakargarri bat egiten du, aurkikuntzak egiten du iragana protagonista eta aurkikuntzaren ondorioak dira ulermenaren oinarri.

Eleberri sakona, bikainki egituratua, ideiak argi eta garbi aurkezten dituena eta hunkigarria benetan, aberatsa bai mezuen aurkezpenean, bai harien lotzeari dagokionean.

Irakurlea protagonista egingo duen eleberria finean, historiaz irakatsiko diona eta historiari gogotsu hurbiltzeko arrazoiak emango dizkiona.

Gorrotoa, ahaztura eta iraganak gordetako sekretuen berri ulertzeko aukera paregabea.


Stukaren itzala