Izenburua:
Shangai Tom Espazioko Zaindaria
Idazlea:
Joanes Urkixo Beitia
Argitaletxea:
Elkarlanean
Urtea:
1992
Bilduma:
Branka
Orri kopurua:
128
Laburpena:
Galaxiako bazter urrun batean, planeta galdu bat inbaditzen dute indar ezezagunek, eta dagoeneko hirugarren aldia da gauza bera gertatzen dela. Izarrarteko agintariek ez dakite zer gertatzen den, ez zer egin, eta konponbide bakarra ikusten dute: Shangai Tom, espazioko zaindaria, gazte ausarta eta bideojolasetan txapelduna. Shangairen lana izango da Dalgon III planetan ezkutuan sartu, erresistentzi taldeak bilatu eta haiekin batera askapen borroka antolatzea. Gehiegi ote da gizon bakar batentzat? Zer gertatuko ote zaio planetara iristean? Nor ote dira inbasore ezezagunak? Sar zaitez zu ere nobela honetan eta bizi itzazu Shangai Tom eta bere lagunen arrisku eta gorabehera guztiak.
Prentsako aipamenak:
- "Diario Vasco" HARRISON FORD-EN AZKEN ABENTURA
Telebista-zaletasun neurrigabea txikizioak eragiten hasia da dagoeneko. Hala gertatzen da hemen eta Sebastopolen. Telebistazko kulturak txanda hartu dio zinemazko kulturari, bere garaian azken horrek liburuzkoari hartu zion modura. Irakurketa-tasa, gure artean, jaiotze-tasa baino kaskarragoa da. Orduak eta orduak igarotzen ditugu telebista aurrean geldi-geldi. Gure mundua aparailuan sartzen den horretara mugatzen da, azkenik. Gainerantzekorik ez dago, ez baita ikusgarri, ez erakargarri.
“Shangai Tom espazioko zaindaria”n kontatzen den abentura ezaguna egiten zaigu: Galaxia batean ahaztuta dagoen planeta bat inbaditzen dute indar ezezagun batzuek. Shangai Tom, espazioko zaindaria, izango da planeta horretako erresistentzia-lanen antolatzaile. Laguntzaileak ere izango ditu, Buck Mandarino tartean, pirata eta kontrabandista, Shangai Tom izan zen bezala, legearen arrastotik sartu aurretiko garaian. Istorioa, beraz, askotan irakurri izan dugu, eta, are gehiagotan ikusi ere zineman edo telebistan. “Galaxietako gerra”ren gaia etortzen zait burura, hango protagonistak imajinatzen ditut nobelatxo honen orrialdeak pasa-ala. Eta ez dut dudarik. Shangai Tom ez da Shangai Tom, Harrison Ford baizik, bere untzian sarturik hiperespazioan zehar etsaiaren ihesi.
Aitortzen dut oso zaila dela bizi garen garaian, istorio gehienak kontatuta daudenean, berri batzuk asmatzea, baina beti pentsatu izan dut imajinazioaren erronka dela literatura. Gero eta ezberdintasun gutxiago dago jeneroen artean, gainera. Zientzia fikziozko nobela bat aisa izan daiteke bakeroen eta indioen arteko batailak kontatzen dituena. Lekua da aldatzen. Galaxiaren ordez jar ezazue desertu handi luze bat, base baten ordez fuerte ondo zaindutako bat, eta espazioko zaindariaren ordez “sheriff”a eta ikusiko duzue kontaera ez dela aldatzen. Abenturak leku guztietan baitira abenturak. Edo gauzak gehiago konplikatzeko, koka gaitezen Europako lurralde lasai batean eta eman dezagun bertara sartzen direla inbasoreak. Istorio bera daukagu. Kontatzearena da egin dezakegun ia aldaketa bakarra, nola kontatzearena hain zuzen. Eta kontaerari traszendentzia gehixeago edo gutxixeago ematearekin lor dezakegu betirako istorio bat, edo abentura sinple eta arrunt baten narrazioa. Abenturak kontatzeko modu asko baitago, eta abentura guztiak ez dira, ez dute izan behar, abentura bakarra.