Izenburua:
Sebas leihotik begira
Idazlea:
Jabier Muguruza Ugarte
Ilustratzailea:
Jon Zabaleta
Argitaletxea:
Erein
Urtea:
2001
Bilduma:
Igelio Igela
Orri kopurua:
64
Laburpena:
Bakarrik geratu zenean, pauso mantsoak eginez logelara itzuli, leihotik begira jarri, eta bere gurasoez gogoratu zen, bere amaz lehenik, eta aitaz gero. Larriturik bere bila ibiliko zirela otu zitzaion, eta ordurako kezkatuta, oso kezkatuta izango zirela. Gero aitonaz oroitu zen, eta eskolako kideez. Ione neskamea ere etorri zitzaion gogora: a zer sustoa hartuko zuen desagertzeaz jabetzean.[…] Negarrez hasi zen orduan mutiko bakartia, intzirika, eta malko ugari haien artean abandono sentsazioak bihotza zulatzen ziola sentitu zuen". Neskamearekin egunak aspertuta pasatzen ditu Sebasek. Mutilaren bizi-gogoak irudimenezko abenturetan murgiltzen du.
Prentsako aipamenak:
- Laura Sagastume, Behinola 5.zenbakia 2001eko abendua Musikaren oihartzuna eta koloreen aniztasuna
Jabier Muguruzaren musika ezagutzen eta gozatzen dugunontzat, argi dago musikari iruindarrak lortua duela bere estilo, bere estetika propioa, batez ere letra xume bezain zainduetan eta erritmo pausatu, intimoetan, hau da, nolabaiteko estetika minimalista batean gauzatzen dena. Orain arte idatzi dituen ipuinetan —haurrentzat zein helduentzat— ezaugarri berberak antzeman daitezke, eta ekintza gutxirekin testu samurrak eskaini izan dizkigu.
Sebas leihotik begira ipuin laburraren aurkezpena egiterakoan, idazleak Monet pintore frantsesa ekarri zuen gogora, eta nola pasatu zituen hainbat urte etxetik irten gabe, leihotik ikusten zuen lorategia, behin eta berriro, bere ñabardura guztiekin margotzen. Ipuin honen protagonistaren ametsa ere, bere hiriko, bere etxe pareko parkea margotzea litzateke, beharbada hiriaren gristasunean kolorea —eta bizipoza— ekarriko duen elementu bakarra izanik:
Sebasek oso gustukoa zuen marrazkiak egitea, eta amets egiten zuen noizbait parke aldakor hura egunero pintatu ahal izatearekin. Egunen batean lasai ibili ahalko zen gela hartan, libre; gela hartako nagusia izango zen orduan, eta inolako debeku eta presarik gabe, bere estutxea hartu, hara sartu, eta koaderno handian egunero parkeko marrazki bat egingo zuen, kolore eta guzti.
Gainera, Sebasentzat parkea amets moduko zerbait ere bada, izan ere bere bizitzan tamalez birritan bakarrik egon da han, batean aitonarekin eta, bestean, bere urtebetetzean, gurasoekin; izan ere hiria oso arriskutsua da; izan ere parkea gurasoen gelako leihotik baino ezin da ikusi.
Halako batean, hiriko gristasuna zuri bilakatuko da elurtza baten eraginez, eta Sebas, trikimailu baten bidez, gurasoen gelara joana, ametsetan-edo hasiko da.
Ez dakigu zergatik, ez dakigu nola, baina Kioto hirian agertuko da, hau da, berearen kontrapuntua den hiri batean. Han denak dira adeitsuak, abegitsuak, eta gizon batek bere etxean hartuko du.
Sebasek ez zuen batere garbi ikusten gizonarekin joatearena, baina abiatu ezean, zer aukera geratzen zitzaion merkatu hartan? Atera zen, bada, azkenean, tipoarekin handik, eta autoan sartzeko gonbita jasotzean berriz ere zalantza egin zuen: bere gurasoek ez zuten begi onez ikusiko arrotz batekin joatea, hori seguru. Hala eta guztiz ere, sartu egin zen azkenean.
Gizon horrekin beste ohitura batzuk ezagutuko ditu Sebasek, eta harekin hizkuntza jolas amaigabean gozatuko du, eta hura lanean dabilen bitartean, etxeko leihotik baso bat ikusiko du, udazkeneko gorriaren ñabardura guztiak eskaintzen dizkiona. Eta basoa behin eta berriro margotzeari ekingo dio, azkenean, ez jakin nola, berriro ere bere etxean agertuko delarik.
Haur eta Gazte Literatura gutxietsia dagoela dioten askok esan ohi dute idazlea bera baino baztertuago dagoela ilustratzailea. Eta ipuin honek zerbait argi uzten badu, hori margotzearen garrantzia da. Interpretabide asko ere, leiho asko eta, ondorioz, ñabardura asko eskaintzen digu, izan arteari buruz, izan —batez ere— gaurko bizimoduari buruz, baina amaiera ezagun samarra izateaz gain (dena amets hutsa zen), azkarregi etorri dela iruditu zaio irakurleari. Eta irakurlea, obra irakurritakoan, ez da geratu Jabier Muguruzaren kantu bat entzutean bezain asebeterik, beharbada horixe da hitza, “asebeterik”. Musikan gizona betean —estilo estetiko betean, alegia— sentitzen badugu ere, helduen literaturan ere antzeko zerbait sumatzen dugun arren, egilearen haur lanetan ez dugu orain artean halako zirrararik sentitu, beharbada genero hau gutxietsia ez ezik oso zaila ere badelako, beharbada haurrek, poesiarekin eta kolorearekin batera, zerbait zertxobait dinamikoagoa eskatzen dutelako. Ez dakit.
- Javier Rojo, El Correo 2001eko uztailaren 18a, Ametsaren indarra
Euskal Herrian argitaratzen den haur eta gazte literaturaren inflakzioak sortu duen egoera pixka bat tristean noizean behin atentzioa ematen duten liburuak agertzen dira. Jabier Muguruzaren "Sebas leihotik begira" izeneko ipuin hau, adibidez. Hiri gris batean hamar urte inguruko mutiko batek bakarrik pasatzen du denbora gehiena. Gurasoek zorrotz samar jokatzen dute berarekin eta debeku asko ezarri diote. Bizitza aspergarri honetan, kolore apur bat jartzen duen gauza bakarra leiho batetik ikusten den parke urruna eta ia-ia helezina da. Elementu berri batek aldatzen du egoera hau: irudimenak zabalduko dizkio umeari, amets baten, beste errealitate baten itxurapean, mundu ezezagun batera heltzeko ateak. Mundu berri honetan, hizkuntza ez ezagutzea ez da oztopoa izango pertsonen arteko komunikazioa gerta dadin, toki horretan komunikazioa hizkuntzen gainetik baitago. Kontrajarpena argia da: alde batetik, hiri grisa eta bakardadea; bestetik, kolorez betetako mundua eta komunikazioa. Izan ere, istorio honetan hizkuntzek mezuak izkutatzeko gizakiek asmatu dituzten tresnak dirudite. Liburu apal baten aurrean gaude, baina, dudarik gabe, hala kontatzen duen istorioagatik, nola planteatzen dituen sakoneko arazoengatik, interesgarria da.