Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Printzesa puzkertia

Idazlea: Arrate Egaña Gimenez

Ilustratzailea: Manuel Ortega

Argitaletxea: SM

Urtea: 1999

Bilduma: Baporea

Orri kopurua: 80


Laburpena:
Neskatxa batek arazo txiki bat dauka: puzkerrak botatzen ditu modu kontrolaezinean. Pozik bizi da ordea, inguruak babestua: azken batean, printzesa bat da. Baina egun batean Kurdabitximistango printzea ezagutuko du, eta bere gaitza sendatzea erabakiko. Aurrerantzean bere bizitza aldatuko duten zenbait abentura izango ditu.


Prentsako aipamenak:

- Laura Sagastume, Behinola 2.zenbakia 2001eko apirila Iazko urteko albisteen artean, Arrate Egañaren Printzesa puzkertia ipuina nabarmendu beharra dago, batetik haur literaturan egile berria delako (nahiz eta helduen literaturan aritua eta saritua izan) eta, bestetik, bere lehen obra ederra eta ausarta delako. Ederra, darabilen hizkera eta sortzen dituen deskribapen, konparaketa eta gainerako baliabideak halakoxeak direlako, eta ausarta izenburutik beretik oso ohikoa ez den gaia jorratzen duelako.


Ipuina ipuin erara laburtuz, esango genuke Logurepeko erresuman bazela behin printzesa argi eta jator bat arazo itzel bat zuena: puzkerrak botatzen zituen etengabe eta modu kontrolaezinean. Eta «aski izaten ziren bost minutu edozeinek bere ondotik ospa egin zezan, lasterka eta estropozoka, baita bere gurasoek eurek ere, izugarri maite zuten arren». Gogaitua zegoen eta lagunekin ere ezin bada nahi bezala ibili:


—Ezin (kuifff, prrot) dinat; badakizue, nire puzkerrekin denak zimelduko nituzkeen (pufffff). Zergatik uste duzue bestela Puzkerti deitzen didatela? —eta une horretan uzker espantagarri bat bota zuen: prrrooooffftg.


Gogaitua zegoen eta bere amorrazioa ezin handiagoa izan zen Kurdabitximistango printzea ezagutu eta hura ere kirastu zuenean. Baina horren eraginez, orduantxe erabaki zuen bere gaixotasunari aurre egin eta, Kamomila sorgin onaren laguntzaz, hiru froga betetzera abiatzea.


Ipuin guztiz tradizionalen ildotik, egitura eta gainerako ezaugarriak errespetatuz, Arrate Egañak itzulipurdikatu egin du generoa eta, esate baterako, halako ipuinen berezko dramatismoa umorea bihurtu. Gainera, hartu duen gaia oso arriskutsua den arren, umore errezegirako joera saihestu eta primeran gauzatu du bere ahalegin benetan literarioa. Liburuaren kontrazalean aholkatzen den moduan, liburu erakargarria idatzi du «9 urtetik aurrera»-ko irakurleentzat.


Printzesa puzkertia