Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Poltsikorako poemak

Idazlea: Amaia Egidazu Arrube

Ilustratzailea: Amaia Egidazu Arrube eta Saroa Bikandi Lopez

Argitaletxea: Hegoak

Urtea: 2022

Adina: 6tik gora


Laburpena:

Poesia bilduma da, formatu berezian aurkeztuta. Bost poema biltzen ditu, bakoitza modu poliptikoan tolestutako orri banatan antolatua. Hizkuntza idatzirako sortutakoak diren lau poemak orri handi zurietan jasota daude eta tolesturek 16 orrialde eskaintzen dituzte bakoitzean. Aldiz, ahozko hizkuntzatik jaso den poema formatu ezberdinean eskaintzen zaigu (besteak bezala poliptikoa bada ere) eta ez du paperean zuriunerik uzten. Poema guztiak biltzeko paperezko bi zinta prestatu dira, bata horizontalean eta bestea bertikalean jartzeko.

Poesia narratibo ludikoa da. Aitite Gregoriori ikasitakoa kopla txikia da, eta besteak metrika librekoak. Guztiak dira errimadunak.

Tonua aldatu egiten da. Jolastia da batzuetan, umoretsua bestetan, oso filosofikoa kasuren batean. Malenkoniatsua baserriari lotutakoa.

Istorio ezberdinak kontatzen dira eta ez dago, printzipioz, euren arteko lotura narratiborik.

"Goizaldean" izenekoak, baserri batean animalia ezberdinek egiten dituzten hotsak deskribatzen ditu. "Zuloak" izenburua duenak gure gorputzean eta handik kanpo aurki ditzakegun hainbat zuloren berri ematen du. Gordetzearen akzioaren inguruko aukerak eskaintzen ditu "Fruta kutxatxoak"; non gorde eta zer gorde daiteke? "R" hizkiaren inguruko lasterketa berezi baten berri ematen du beste batek. "Zoro soro"-n, azkenik, goizero soroan sareaz arrantzan aritzen diren bi zororen berri ematen zaigu.

Ilustrazio lanak ekarpen handia egiten dio testuari. Elkar elikatzen dute. Poema bakoitzean bizpahiru kolore nagusi aukeratu dira eta horiek errepikatzen dira orrialdeetan. Adierazmen handiko marrazkiak dira, sinpleak eta xehetasun handirik gabekoak, baina ñabardura esanguratsuak ezkutatzen dituztenak, interpretazioari ate berriak eskainiz.

Lau poematan ilustrazioek zuriune handiak gordetzen dituzte. "Goizaldean" izenekoan, berriz, ez dago zuririk eta fondo urdina aukeratu da papera betetzeko.


Poltsikorako poemak