Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Poloniako lautada izoztuak

Idazlea: Joxemari Iturralde

Ilustratzailea: José Manuel Mata

Argitaletxea: Igela

Urtea: 2001

Bilduma: Gabonetako Ipuinak saila


Prentsako aipamenak:

- S.G. , Behinola 6.zenbakia 2002ko maiatza Pasa diren Gabonetan, Igela argitaletxe nafarrak "Gabonetako ipuinak" sailari eman zion hasiera, bi tituluren bitartez. Horietako bat da oraingoan komentagai daukaguna: Poloniako lautada izoztuak, Joxemari Iturralde sortzaile ezagun eta emankorraren eskutik. Gazteentzako nobela labur hori, dudarik gabe, gabonetako ipuina da.

Protagonista helduak bere unibertsitate garaiko gabonetako oporretan gertatu zitzaion pasadizo bat gogoratzen du, lehen pertsonan. Gertakari batek jaioterritik Poloniako lurralde izoztuetarako bidaia egitera behartzen du protagonista, adiskide batekin batera. Behin Varsovian daudela, hirugarren pertsonaia batek ehundutako sarean erorita, halako abentura iniziatiko bat bizi beharko dute, bakoitzak bere erara.

Oroitzapen diferituaren teknikak, jakina denez, ikuspuntu berritik iritziak eta balorazioak tartekatzeko aukera eman ohi du, eta helburu horrekin erabiltzen du narratzaileak. Hala ere, artifizio horren erabilerak behar bezalako koherentzia eskatzen du. Eta abiapuntuan oroimen oneko narratzaileak "dena dut gogoan atzo bertan bizi izan banu bezala" (5.or.) esaten badigu ere, zenbaitetan memoria ahalegina egiten ari delako itxurak egiteko, datu nabarmenetan huts egiten dio ("oraintxe bertan, hainbeste urte joan direnean, ez dut gogoan zein tren geltoki izan zitekeen, Gare du Nord segur aski", 20. or.), baina handik oso gutxira izugarrizko oroimen ona erakusten du: "Zerbeza bana edan genuen eta gauerako, afalordurako, zerbait erostea pentsatu genuen. Ogitarteko pare bana eta lau bat garagardo gero trenean afaltzeko asmoz" (20. or.).

Bestalde, esan dugunez, protagonista jaioterritik Poloniara doa, baina gaizki gogoratzen ez badut, inon ez da esaten jaioterri hori zein den. Pertsonaien izenek ere ez digute gehiegi laguntzen: Isaak, Anna, Bernard, Carolina..., eta indefinizio hori emankorra iruditzen zitzaigun. Baina, hara non, 11.orrialdeko marrazkian argi eta garbi azaltzen den Donostiako estanpa tipiko bat, gure espektatibak haustera!

Azkenik, istorioari sinesgarritasuna falta ote zaion komentatu izan da han-hemenka. Errealitatearen sinesgarritasuna eta fikzioarena, gauza jakina da, oso gutxitan datoz bat, eta errealitatean justifikaziorik behar ez duten gertakizunik harrigarrienak, fikzioan berriz arrazoiketa bikoitza behar izaten dute. Baina gu ez gara afera horretan sartuko, azken batean, gabonetako ipuinak ustekabez beteta egon ohi direlako, genero koordenaden barruan sar daitekeelako, hain zuzen.

Gazteek gustura irakur dezaketen istorioa dela iruditzen zaigu, gazte batzuen toki ezezagunetarako urrunketak ematen duen xarma dela medio, eta abenturaren ustekabeak jartzen dion azken ukituagatik.


Poloniako lautada izoztuak