Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Peru eta Marixe, Mila eta bat komerixe

Idazlea: Anjel Lertxundi Esnal

Argitaletxea: Erein

Urtea: 1993


Prentsako aipamenak:

- "Diario Vasco" Tradizio handiko ipuin gazdunak.

Juan Antonio Mogelen “Peru Abarka”n, Peruk bere semeari buruz dio ipuin asko irakurtzen dituela, eta onak, garbiak eta inoren kalte gabekoak direla ipuin horiek. Era berean, Peruk esaten du ahoak zabalik entzuten egoten direla haren ipuinak, ume txikiak Peru eta Marixeren ipuin gatz gabeak entzun ohi dituzten garraz. Juan Antonio Mogelek, antza, nahiago zituen garai hartan modan zeuden alegi eta hitz neurtutako ipuin moralak, jende letratu eta ilustratuak moldatuak zirenak, gehientsuenen iturria greziarra edo latindarra baitzen, herriko ahotsak lau haizetara zabaltzen zituen istorio sinple bezain ederrak baino. Hala, herriko ipuinak baztertu zituen, besteen, kultoagoen eta ustez moralago zirenen mesedetan.

Tradizio handikoak dira Peru eta Marixeren istorioak, entzun daitezke, oraindik ere, Euskalerriko hainbat tokitan, batez ere Bizkaian, eta jasoak izan dira bilduma bat baino gehiagotan, halako edo honelako interes antropologiko baten izenean, askotan. Izan ere, euskaldunen ahozko errepertorioa oso aberatsa da eta aproposa geure burua ezagutzeko. Azkenaldi honetan gainera, badirudi indarrean dagoela gure iraganeko historia sakondu eta iragan horretatik gaurregunera arte iraun duten ipuinak edo kultur-hondarrak ikertzeko joera. Baina gutxi dira Anjel Lertxundik egin duena egitera ausartu direnak. Ipuin zahar horiei jantzi berria josi eta nortasun propioa eman baitiete, kutsu arkaikoa kenduz, hizkuntza gaurkotuz, baina funtsean edukina eta esanahia aldatu gabe; pasarte batzuk edo beste, istorio osoak ez direnean, asmatu baditu ere, integratzen jakin izan ditu ipuinen gorputz eta arimarekin.

Barregarriak dira ipuinak, esan nahi dut aho arkoak hausten barrez hasten garela Peru eta Marixeren pasadizoak irakurtzen ditugunean. Senar-emazte horien bizkar barre egin beharrak badu, nik uste, funtzio terapeutikorik. Gizarte baten zoritxarrak beste batzuen lepoan jartzen direnean, lasaitzen da gizarte hori; eta balbeak ihes egiten du kolektibitate osotik beste nonbait ezkutatuz. Baina horretaz aparte, badute ipuinok funtzio askoz sinpleago bat, barre egiten jartzen gaituzte besterik gabe, eta ez gara konturatzen igarotzen dela denbora. Eta horri literatura ere deitzen zaio.


Peru eta Marixe, Mila eta bat komerixe