Izenburua: Pernando Amezketarra
Idazlea: Joxan Ormazabal Berasategi
Ilustratzailea: Jesús Lucas Erro
Argitaletxea: Elkarlanean
Urtea: 1994
Bilduma: Xaguxar
Orri kopurua: 176
Adina: 12tik gora
Laburpena:
Ezagunak dira Euskal Herri osoan Pernando Amezketarraren pasadizo eta ateraldi umoretsuak. Liburu honetan aurkituko dituzu horietatik entzutetsuenak. Umorezko liburu bat da eskuetan daukazuna. Baina, bidez, oso interesgarria gerta daiteke euskara ikasteko ere. Ongi mantentzen du herri-hizkuntza eta euskara batuaren arteko oreka. Euskal Herriko etxerik gehienetan aurkituko du bere txokoa liburu honek.
- Pablo Sastre, Gara Egun batean "Manual lapurreta onezkoa" edo horrelakoren bat idatzi nahi izango bagenu, bagenuke Pernandoren ateraldi eta gertalditxoetan oinarri axolazkoa. Asko ez dira (gertakari haietarik) guganaino iritsi direnak, baina dudarik gabe bai onetakoak, eta, nik uste, liburu honetan, denak ez badira, gehien-gehienak aurkituko dituzu, sinple-sinple eta ederki kontatuta gainera.
Pernando zen, edo historiak hola ekarri digu behintzat, baserritar arrunt bat, herri bazterretan eta bidez bide diruz eta janez beti eskas eta talentuz gainezka zebilena.
Haren talentuaren jomuga: bere denborako "nagusiak". Haiek ziren kaleko señoritoak, eta batez ere apaiz eta eskribauak. Noski, arlotea eta hain segurki "kaxeroa" zela-ta, haiek ere barre egin nahi izaten zuten Pernandoren kontura, baina honek ez zuen batere barkatzen. Herriak hala dio behintzat.
Bestetik, haiek ez ezik, baserritar petralak, lukurreroak, jokozaleak, adarjoleak eta hortik aurrera nahi zituen guztiak ere burlagarri uzten zituen. Lapurra ere bazen, bere tamainakoa noski, esan nahi baita txikia, gaur arkume bat, bihar txerri bat (txerria sehaskan, lo zegoen bere haurraren azpian, gorde zuen hura oso ona izan zen), etzi behiak auzoko belazera bidaliz... Etxeko tripak nondik eta zerekin beteko, betiere.
Gure Manualean atal bat aparte osatuko lukete "otordua nolatan debalde egin" gaiaren gainean Pernandoren asmazioek, izan ere, ideia on bat baino gehiago ematen digu: jatetxean ederki bazkaldu eta gero ardo botilan zapaburu bat sartu eta protesta handiak eginez pagatu gabe joan; emazteari, bazkaririk ez zuela prestatu eta, makilaz jo-irudiak egin, apaiza errukitu eta berera gonbida zitzan; apaizak dotrina ez zekielako kalabaza eman ziola eta, haren etxera joan eta, haren baratzetik zeukan kalabazarik handiena eraman...
Horietatik dudarik gabe onenetakoa da Pernando, egun batean erretoreak bazkaltzera gonbidatu zuela-eta, semea eramateko nola moldatu zen kontatzen diguna. Semea atean utzi eta, mahaia bedeinkatzeko garaian:
-Aitaren eta Espiritu Santuaren izenean, amen -esan omen zuen.
Erretoreak, betaurrekoen gainetik begiratuz:
-Eta semea, Pernando?
-Semea? A bai! Etorri, seme!
Nola zergak ez pagatu. Nola handikiak apalarazi eta burlatu, nola, hitz batez, justizia egin, horratio kartzela zapaldu gabe.
Heroi bat? Agian, ahazten ez baldin badugu Pernando alfer handia zela, eta alproja ere nolabaiteko samarra, izan ere besterik gabeko broma larri samarrak ere atsegin zuen egitea.
Amezketako Ixpille-saletxe baserrian jaio zen 1764. urteko urriaren 10ean. Joxe Bengoetxea, Adunakoa, zuen aita eta Joxepantoni Altuna, Amezketakoa, ama. 1790eko maiatzaren 3an Mari Joxepa Sagastumerekin ezkondu zen. Bederatzi seme eta alaba bat munduratu zituzten. Azentzen-txikia izeneko baserrian hil zen, 1823. urteko uztailaren 9an.