Izenburua:
Ostiralero afaria
Idazlea:
Enkarni Genua Espinosa
Argitaletxea:
Kutxa Fundazioa
Urtea:
2001
Prentsako aipamenak:
- Igor Estankona, Deia 2002ko apirilaren 26a Erraz eta sakon
Iz-k argitaratzen zituen umeentzako diskoak genituen lagun askotan, gure etxean, neguko iluntze luzeetan. Haien artean "Erreka Mari" dut gogoan. Enkarni Genua ere partaide izan zen disko hartan. Irudimenezko mundu labur batean sartzen ginen jartzen genuen bakoitzean eta, grabaketa hutsa zen arren, irudiz beteta gogoratzen dut.
Oraingoan beste mugapen batzuk saihestu behar izan ditu donostiarrak. Hotsen bidez izan beharrean, testuaren bidez gainditu behar izan ditu irudi faltaren mugapenak. Oraingo honetan, azken batean, errezagoa da gertatzen dena irudikatzea, antzezteko zioarekin idatzita baitago. Ez dakigu zelan emango lukeen antzoki batean -medio oso gutxirekin antzez daitekeen obra da- baina bizia eta agila iruditu zait, areto txikietan ordu erdi polita pasaraziko lukeena. Irakurketa ere halakoa da: akotazio zehatzak ditu, laguntasun handia bilakatzen direnak. Eduki ere garrantzi handia dauka keinu batek gela bakarrean gertatzen den akziorako.
Irakurketaren erritmo geldoagoarekin ere arin lotzen eta askatzen den istorioa da. Ama bat eta bere lau seme-alaben arteko jatordu bat elkarrizketa xamurra bihurtzen da. Argumentuaren tripak ez nituzke atera nahi, baina sospresa eta hunkidura segurtaturik ditu "Ostiralero afaria" honek. Ahotsik altxatu gabe, hitz lauekin eta normaltasun osoz gizartean -eta bereziki euskal gizartean- erakusten ari garen elkarrizketa faltaz hitz egiten du. Horregatik jarri diogu "erraz eta sakon" goiburua. Dramatikotasun barik ikasgai txiki bat ematen diote pertsonaiek irakurleari.
Enkarni Genua txontxongiloekin aritzen da. Bada, errespetu berbera erakusten du liburu honetako pertsonaienganako. Ona eta txarra ez dira inondik ageri. Irakurleak frogatu ahal izango duenez, denak dira beharrezkoak, denak errespetagarriak, denak pertsonak pertsonaiak baino areago.
Amaiera airera jaurtitako gogoeta bat da. Esan beharrekoak esanda baina egin beharrekoak egiteko gertatzen diren puntu kritikoan esaten digute agur pertsonaiek. Beharbada ez da beste munduko gogoetarik egiteko gonbita, baina bere xalotasunean lezio txiki bat da. Bizitzan, askotan, itxuraz bigarren mailakoak diren ñabarduretan egoten da sekretua. Berauek identifikatu eta egunez egun apur bat hobera egitea izan behar litzateke gure helburua. Mezua bera bezain apala da bitartekoa kasu honetan.