Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Ortzadarraren kantua

Idazlea: Jon Suarez Barrutia

Ilustratzailea: Elena Odriozola Belástegui

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 1999

Bilduma: Mendi Sorgindua

Orri kopurua: 48


Laburpena:
Txiruk bere jabea eta laguna den Txororen gogoetak erakustarazten dizkigu “Ortzadarraren kantua” istorioaren bitartez. Txiru Txororen txirula da eta leku guztietara berarekin joaten denez, oso ondo ezagutzen ditu Txororen joan-etorriak.<BR>
Txoro, bere ezizenak adierazten duen legez, momentuero zalantzan dabil kezka nagusi baten inguruan: nagusitan zer izan. Irakasle izan nahiko du hasieran, kamioilari ondoren, baina berehala iritziz aldatu eta dendari izatea egokiagoa dela erabakiko du. Negozioak etorkizun handirik ez duenez, udaltzaingo gisa aritzea pentsatuko du. Ideia hau ere ordea, berehala joango zaio burutik eta pintore ikusiko du bere burua. Hala ere, lanbideak dakarren arriskua dela eta, taxista izatea erabakiko du. Berriro ere beste arrazoi batek eraginda, ogibidea aldatzea bururatuko zaio, oraingoan idazle edo marrazkigile lanbidea aukeratuz.
Ibilbide honetan irakasleak hasieran irakurritako ortzadarraren poema izango du buruan, ekaitzetik barealdira sorturiko ortzadarra bere erabaki prozesuaren gora beherekin parekatuz. Honekin batera, bere musika gaitasunek eramango dute lanbide aldaketarako ibilbideko egoera ezberdinetan pentagrama-nota koloredunak irudikatzera ortzadarraren poematxoari musika jarriz. Istorio amaieran, pentagrama horietako notak jotzeari ekingo dio Txiruk bere txirula lagun izanik; ipuin hasierako poematxoa musikatua geratuko da honenbestez, eta horrela jakingo du azkenik Txorok, ustekabean hala ere, nagusitan txirulari izango dela.


Prentsako aipamenak:

- Laura Sagastume, Behinola 2. zenbakia, 2000ko apirila Literatura dorremifatua

Jon Suarez gero eta idazle ezagunagoa da Haur Literaturaren esparruan, baina liburu honekin nabarmen utzi du bere goranzko prozesua, gero eta hobeki idazten duela alegia, izan ere liburu fin, biribil eta kasik multimedia bat idatzi baitu.
Liburu fina idatzi du batetik tamainaz kontatua dagoelako. Eta zer kontatzen duen jakiteko, Txiru txirulak zer dioskun irakurtzea besterik ez dugu:
Txorok arazo bat du, arazo larri bat. Nagusitan zer izango den jakin nahi du, baina ezin asmatu. Izan ere, behin erabakia hartzen duenean, segidan datorkio atzetik zalantza eta iritziz aldatu beharra. Eta beti berdin, behin eta berriz, behin eta berriz... Inoiz bukatzen ez den kontua dirudi.
Eta Txiru txirulak kontatuko digu Txorok (bere benetako izena Txaro da) etengabe pentagramak ikusten dituela: izan etxetik dakusan zebrabidean, izan autoko atzeko kristaleko lerroetan, izan argindarraren kableetan... Eta etengabe ari dela zer izan nahi duen pentsatzen: izan irakasle, izan udaltzain, izan komikilari...
Baina liburua biribila ere bada oso osagai gutxirekin jokatzen duelako eta horiek oso ongi josiak daudelako, egituraren garapenean galtzen ez direlako eta errepikapenetan jasotzen direlako. Eta biribila da Txaroren barne mundua ere jasotzen: gurasoen bizimodua, irakasleen izaera, azkenean denda txikia saldu behar izan duen saltzailea...; beste hitz batzuetan esateko, barnea eta kanpoa ongi uztaturik daudelako.
Eta liburua kasik multimedia ere bada oso bisuala izateaz gainera (Elena Odriozola ilustrazio eztiak iradokizunez beterik daude, kolore eta formen finezia igerri-igerrian dago), musika ere present dagoelako (ipuinaren amaieran musikaturik datorkigu, pentagrama eta guzti, hasieran irakurri dugun poema ederra.)
Horregatik guztiagatik, eta Txorok azkenean zer izan nahi duen jakiteko, 6 urtetik aurrerakoentzat-eta koxkortuagoentzat- benetan gomendagarria da Ortzadarraren kantua.


Ortzadarraren kantua