Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Oporraldi bat baserrian

Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Ilustratzailea: Antton Olariaga Aranburu

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 1996

Bilduma: Kalamatxin Saila

Orri kopurua: 64


Laburpena:
Lehenago Egunez parke batean, Gauez zoo batean eta Denboraldi bat ospitalean izeneko ipuin liburuak argitaratu zituen Igerabidek, eta haien jarraipena da oraingo Oporraldi bat baserrian. Juan Kruz Igerabidek sortutakoa da Grigor, liburu horietan barrena haziz, ikasiz eta helduz joan den pertsonaia xarmagarria. Izan ere liburu honen garrantzia, aurreko horien babesean kontsideratu beharra dago. Grigorrek lagun egin zuen erle bat eta animalien erresuma misteriotsuan sartu zen haren bidez, Ainhoa neska lagunarekin eta beste hainbat lagunekin bizitzaren trikimailuak eta gorabeherak ikasi zituen. Grigorrentzat ordu arte ezkutuan egon ziren hainbat gauza deskubritu ditu lau liburuetan barrena. Haurraren ziklo bitala osatzen duen liburu saila da. Oporraldi bat baserrian liburua amaiera polita da sailarentzat.


Prentsako aipamenak:

- Xabier Etxaniz , Egunkaria 1997ko urtarrilaren 11a Abenturak baserrian

Hiritik baserrira doa Grigor, aurreko hiru abenturak hiriaren inguruan gertatu ziren bitartean, oraingoan Grigor, Arranke eta Ainhoa baserrira doaz. Eta bidaia bertako egonaldia bezain garrantzitsua da. Izan ere, autobusean hainbat gertakari izango dituzte batekin Arrankeren opari sekretu batekin, edo inguruan duten gazte bikotearekin.

Baserrian, aldiz, Arrankeren izeba ezagutuko dute. Eta hango bizimodu lasaia, naturarekin bat eginda. Lagun giroan emango dituzte egunak eta ez dute aparteko arazorik izango otsoarekin topo egiten duten gauera arte.

Ohi bezala, Juan Kruz Igerabideren estiloa zaindua da, idazkera irakurterraza eta argumentua entretenigarria; oraingoan, dena dela, narrazioaren denboran desoreka nabariak ikusten dira eta amaiera aldean dauden ilargipeko kontu labur ugariak apur bat fortzatuta daudela ematen du.

Ipuinaren une batean Grigor eta Ainhoaren arteko harremana ukitzen da, zeharka komentario labur batean ("ondoren ainhoa eta Grigor elkarri eskua emanda..." 41.orr.) eta irudietan, A. Olariagaren beti bezain zainduak eta landuak diren irudietan, gazteen eboluzioa ageri bada ere, ez da hori ikusten testuan. Grigor eta erlearen ipuinetan eboluzio iniziatikoa eman baldin bada ere irudietan, hori ez da islatzen testuan. Abenturak, bihurrikeriak edo neska-mutilen ateraldiak dute lehentasuna.

Egia da, bestalde, ipuinak argumentu barnean gai gehiago ukitzen dituela, eta alde horretatik aipagarria da zeharka, era naturalean, egileak eginiko hautaketa gizon eta emakumeen arteko harremanei buruz, Grigoren aita eta ama agertzen zaizkigu etxeko lanak egiten, Ainhoaren ama musika irakasle dugu; aita landareak ureztatzen agertzen zaigu, eta abar.

Irakurleak gustura irakurriko duen ipuina dugu Oporraldi bat baserrian, entretenigarria eta gertakariz josita, baita umore eta ironia ukitutxoak dituelarik, baina batez ere une atsegina igarotzeko liburu ederra dugu hau, testu eta ilustrazioen arteko orekari esker neurri handi batean.
- Felipe Juaristi, Diario Vasco Abenturak

Juan kruz Igerabide poetak haurrentzako liburu asko kaleratu ditu oso denbora gutxian. Mahai gainean dauzkat txukun-txukun, eskaintza eta guzti, azkeneko biak: Neskatxa Telepatikoa (edebé-giltza) eta Oporraldi bat baserrian (Alberdania). Biak dira ipuin politak, une bat bederen pozik eta gustura pasatzeko idazten diren horietakoak. Bata, neskatxa telepatikoarena, hala iruditu niri, klasikoagoa da, piraten istorio bat baitakar, Joe Beltza eta Kaxkagorrirena, baina Kaxkagorri ez da pirata bat, mutiko jolastaria baino; hala ere izugarrizko abentura biziko du. Abentura da klasikoetan klasikoena. Irudimena eskatzen du, fantasia alegia. Haurrei abenturazko istorio bat ondo kontatzen badiezue, irabazita daukazue haien adiera piska baterako. Begiak zabal-zabal, halaxe jarriko zaizkizue entzuten. Baina ez da erraza haurrak engainatzen; ez, haurrek badakite ipuin edo istorio bat noiz den interesgarri eta noiz aspergarri. Kontatzen jakin behar.

Trebezia hori erakusten du Juan Kruz Igerabidek, nik irakurri dizkiodan ipuinetan behinik behin. Oporraldi bat baserrian, esaterako, oso ipuin samurra da. Hala ere, esan behar dut, aurreko beste hiru liburuak irakurtzea komeni da, azken honi ekin aurretik. Norbait une honetan aurreko haietaz oroituko ez balitz, edo eta ahazturaren lanbro sakonetan galduta balego, ez du zertan kezkatu. Izenak aipatuko ditut: Egunez parke batean, Gauez zoo batean eta Denboraldi bat ospitalean. Grigor, Ainhoa, Arranke (bitxia benetan) eta Erlea dira pertsonaiak.

Honako honetan udako oporraldiak direla eta lau lagunak (erlea barne) baserri batera joango dira egun min eta barnekoi horiek igarotzera. Hara joan baino lehen pikardiaren bat edo beste egingo dute, eta baserrian daudelarik, kontu bitxi eta harrigarri asko entzungo ere bai. Hori du liburu honek, istorio asko biltzen direla istorio nagusi batean. Irakurtzea abentura bat bada, eta hala dela uste dut nik, Juan Kruz Igerabideren liburuak oso aproposak dira abenturaren itsaso, uharte, ibai edo abarretan galtzeko. Hizkuntza ere samurra da, ondo neurtua, erritmoan sekula eroriko ez dena. Galtzearena aipatu dut lehen, baina zuzendu beharrean nago orain: inor ez da galtzen irakurtzen, eroa izan ezean. Ala bai?


Oporraldi bat baserrian