Izenburua:
Olioa urpean
Idazlea:
Manu Lopez Gaseni
Argitaletxea:
Alberdania
Urtea:
1998
Bilduma:
Ostiral
Orri kopurua:
72
Laburpena:
Antonen familia, zorretatik ihes eginik, beste hiri batean bizi diren senideengana joaten da bizitzera. Etxeko baratzea ikusita, Antonen aitari diru etekinak eman ditzakeen nekazaritza intentsiborako asmo bat bururatzen zaio, baina azkenean gaizki ateratzen zaio. Egoera ekonomiko larria zuzentzeko bidea, ordea, Antonen proiektu bitxietatik etorriko da. Azken batean, liburu honetan, ikuspegi futurista batetik, erabat desberdinak diren bi bizimoduren arteko desoreka azaltzen da, umorea eta ironia baliatuz.
Prentsako aipamenak:
- Felipe Juaristi, Diario Vasco Olioa eta ura borrokan.
Laburra da oso Manu Lopez Gasanik idatzi duen hau, Olioa Urpean, izenekoa. Izenburua erakargarria da, zalantzarik gabe, baina ilun samarra denez, lehen begiradan harrapatzen zaila alegia, beharrezkoa zaigu liburuaren azken lerroetara jotzea, esanahia bere betean ulertzeko. Hauxe irakur baitaiteke aipaturiko zatitxo horretan: “Azken finean, arrebaren familia eta gurea inoiz ez ziren benetan elkartu egonaldi luze hartan; elkarrekin egon ginen, baina bakoitza bere aldetik, ontzi batean sartutako ura eta olioa bezala.”
Kimikaren ikuspegitik fabulak adierazi nahi duena (fabula tankerakoa baita liburua) hauxe da, batzuetan zenbait elementu elkartu arren, izaeraz kontrajarriak baldin badira, bakoitzak bere nortasunari eusten diola, olioak eta urak ontzi beren daudenean bezalaxe.
Familia bati buruzko kontakizuna da. Garaia ez dago zehazturik, ezta gertatzen deneko lekua ere. Emandako datuei arretaz erreparaturik, Huxley-k ametsuriko espazio batean gaudela dirudi, zientziak izugarri aurrera jo duen gizarte batean. Hori ere zeharka dakigu, Antonek ordenagailuekiko eta esperimentaziorako duen grina kontatzen baitigu idazleak, baina horretan bereziki gelditzeke. Aipaturiko Anton eta bere familia, lan-arazoak direla medio, baserri moduko batean bizi den osabaren etxera doaz.
Ohiturak, ordu arte egindako bizitza eta abarrak, ezberdinak direnez, sekula ez dute lortuko ados jartzerik, ezta iritzi eta sinesmenik txikienetan ere. Poliki-poliki, hiritik etorritakoak (Antonen familia), baserrikoen gainetik jartzen ahaleginduko dira, haiek mendean hartzen, eta horrek ondorio gaiztoa ekarriko du denontzat.
Hori da finean liburuak kontatzen duena. Mezua garbi dago, beti agertzen baita norbait berea ez den lurraldean (edo zereginean) sartzen dena, berak egiten duena besteen onerako ere badela pentsatuz. Horretaz gain, badira liburuan beste liburuekiko erreferentzia zuzenak; Bibliako pasarte batzuen tartekatzea ere bai, elementu erretoriko gisa izan ere. Horrekin guztiarekin, prosa arina baitu Manu Lopez Gasenik, liburua salto batean irakurtzen da.