Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Norena da Virginia City?

Idazlea: Javi Cillero Goiriastuena

Argitaletxea: Desclee

Urtea: 1995

Bilduma: Ipotxak eta Erraldoiak, sail gorria

Orri kopurua: 124


Prentsako aipamenak:

- Migel Anjel Elustondo, Egunkaria 1996ko martxoaren 23a Kronika berriak "yankee"-enekoak

Urtebeterako beka zuela abiatu zen Javi Cillero Goiriastuena Reno / Nevadara. Urte hori ezezik, hiru ere eman zituen hango unibertsitateko Basque Studies Program edo Euskal Mintegiaren bueltan. Euskarazko eskolak eman zituen eta ingelesa gogotik landu. Horrez gain, Renoko unibertsitatean bertan, Robert Laxalt idazlearen literatura mintegira joateko modua egin zuen. Harrezkero, luma zorroztu zuen eta itzuli zein idatzi. Hainbat kolaborazio igorri zuen EEBBetatik eta EGUNKARIAn argitaratu. Literaturari ere opa ziolarik, Renon eman zuen aldi emankorraren ondorio ditugu Eddy Merckxen gurpila (1993ko Lizardi saria; Auskalo, Erein, 1994), Garai latzak Charles Dickensen itzulpena (Literatura Unibertsala, Ibaizabal, 1994), edo Haardleyburg usteldu zuen gizona (Bartleby, Erein, 1993) Mark Twain idazlearen narrazio ederraren euskaratzea. Gainera argitaratu zain geratu ziren Hemingway eta beste. Inondik ere, etekina atera zion Javi CIllerok urruneko unibertsitatean eman zuen aldi luzeari.

Kazetaritza eta literatura, biak jorratu zituen gure autoreak Renon. Eta biak baturik datozkigu Norena da Virginia City? gazte literaturako lan atseginean. Cillerok EEBBetan iraun zuen sasoian bizi zituen zenbait pasadizo hautatu, garatu eta bildu ditu, kronika fresko eta mamitsuak eskainiz. Liburua irakurri ahala, idazlearen obserbazio eta talentu literarioarekin egingo dugu topo batetik, eta kazetari tirtiriaren ohar eta berri emate zehatzekin bestetik. Obrako orrietan barrena, EEBBetako Mendebaldeko gizarte askotarikoaren albiste dugu. Las Vegastik San Frantziskoraino, Renoko eremuan zein Virginia City kaskoan. Izan ere, ez alferrik da mugikortasun eroa yankee-eneko jende moduen ezaugarrietarik behienena...

Liburuko zazpi ataletan, autorearen gogoa baitan bidaiari da irakurlea ere. Atea kax-kax jotzen dutenetik hasi -Jobeth izango da, etxetik hanka eginda- Kaliforniara bidean jartzen garan arte -pasaportea berritu beharra du Robek-, Renoko kasionetako zokomokoak arakatu ditugu, parranda zibilizatua egingo San Frantziskon, Las Vegasekin amets, eta euskaldun gazteen negar bortak eta alferrikakoak biziko. Tartean, berriz, eta liburuari izena ematen dion atalean, Virginia Cityren iragan zilarra ezagutuko dugu -Silver State da Nevada, sekulako-, eta herriaren etorkizunaz galdetuko.

Oraintxe urri ei dira sorkuntza lanak gazte literaturan eta helduentzako obrak edo itzulpenak irakurtzen ditu gazte askok. Javi Cillerok liburu interesgarria eskaintzen du, bizia, arina, kolore ugarikoa, desberdina... merezi duen horietakoa. Idazleak berak liburuan paratu argazkiek ere -azalekoa bera aski indar handikoa da-, are birbiltzenago dute idazlana eta jakinmina eragiten. Karlos Cid Abasoloren hitzaurre labur bezain landuak eta eskaintza ageriak, liburu multikolorea aldarrikatzen dute, EEBBetako gizartearen kultur aniztasuna eta mestizajea. Inondik ere, haize berria dugu autorea gurean eta, dudarik gabe, gazte literaturari lotuz gero, uzta oneko urteak helduko dira Cillerorenetik.


Norena da Virginia City?