Izenburua: Nola zuzendu andereņo gaizto bat
Idazlea: Miren Agur Meabe Plaza
Ilustratzailea: Maria Espluga
Argitaletxea: Giltza
Urtea: 2003
Bilduma: Tukan Urdina
Orri kopurua: 47
Laburpena:
Arazo bat daukat. Arazo bat daukat pasa den astelehenetik. Eta asteazkena da jadanik. Hauxe da nire arazoa: andereño berria ez zait gustatzen. Barre gutxi egiten du, begirakune zorrotzak botatzen ditu eta, gainera, mantal grisa darabil.
- Laura Sagastume, Behinola 8. zenbakia Ikaslea andereñoren aurrean
Familia-arazo-tristura-konponbidea. Gutxi-asko, osagai horiek zituen arestian iruzkindutako ipuinak. Eta gutxi-asko horiek dira oraingoan ere errepikatzen direnak, baina beste bi osagai ere nabarmendu beharko genituzke: eskola-andereoa eta lagunak.
Lehenengo liburuko mutila neska da oraingo honetan, eta tristura sortzen dion arazoa andereñoa da, zeinak barre gutxi egiten duen, begirakune zorrotzak botatzen dituen eta mantal gris itsusia erabiltzen duen... Eta neska triste dagoelako, erlaxatzeko balio izan dion poema idatzi du.
Ikasle tristearen poema
Udarik gabeko olatu aspertua,
Karabana galdua basamortuan,
Kimurik ez duen gereziondoa,
Zaborrak zauritutako itsas hondoa,
Margo-kutxatila hutsa,
Zorrozkailu kamutsa,
Basa-behorra zooko kaiolan...
Horixe naiz ni orain eskolan.
Lehenengo liburua hirugarren pertsonan kontatua dago eta lehenengora egin du jauzi idazleak, ia hilabeteko iraupena duen egunerokoa idatziz.
Hizkera hurbilagoa da hemengoa, eta xumeagoa aukeran.
Lehenengo liburuan besteek ematen diote konponbidea arazoari, baina oraingoan neska protagonistak hartuko du ardura hori, eta horretarako aukera desberdinak frogatuko ditu: asanbladak, gutun anonimoak edota beldurrak uxatzeko errezeta mundiala... (beharbada errezeta horren berri eman dio Marilia zaintzaileak joko gehiago eman zezakeen).
Ikasle-irakasle auziaz gogoeta egiteko, itxura eta errealitateaz pentsatzeko ipuin ederra idatzi du Miren Agur Mmeabek. Eta hori guztia ezin hobeto islatu du Maria Esplugak bere ilustrazio lanarekin: testua jaso eta bikain intregratu baitu (horren adibidea liburuaren azala bera da, non protagonistaz- eta behin ere aipatzen ez den txakurraz- gain, andereñoren azala ikusten den).