Izenburua:
Nire kuleroak
Idazlea:
Anjel Lertxundi Esnal
Ilustratzailea:
Antton Olariaga Aranburu
Argitaletxea:
Elkarlanean
Urtea:
2000
Bilduma:
Maxe
Orri kopurua:
112
Laburpena:
Maxek aitona ikusi du bere kuleroekin. Eta zertarako nahi ote ditu-eta, oiloei jartzeko! Erotu egin ote da Maxeren aitona? Galdera horixe bera egingo dio Maxek bere buruari.
Prentsako aipamenak:
- Laura Sagastume, Behinola 2. zenbakia, 2000ko apirila Ezuste pozgarria eta galdera bat
Beharbada iazko Durangoko azokako Haur eta Gazte Literaturako ustekaberik handiena izan zen. Aurreko urtean Anjel Lertxundik gazte —eta helduentzat— Lehorreko koadernoa (Alberdania) idatzi zuen eta, oraingoan, itzulera pozgarria hau eginez, aspaldiko partez haurrentzako liburu batekin etorri zitzaigun: Nire kuleroak (Elkarlanean) Baina beharbada egokiagoa da etorri zitzaizkigun esatea, zeren Antton Olariagaren ilustrazioak ez baitira, inondik inora, hutsaren hurrengoak. Hala gauzak, bai istorioa, bai marrazkiak, bai papera eta edizioa ikusirik —eta dastaturik—, berriro ere esan genezake liburu hau beharbada iazko Durangoko azokako Haur eta Gazte Literaturako ustekaberik handiena izan zela, eta horrekin batera, alor horretan, iazko apostu literariorik handiena gertatu zela Elkarlanean argitaletxearena.
Atalez atal joanda, istorioa xumea bezain erakargarria da: Maxe neskatilari kamara bat oparitu diote eta errebelatu duen argazki bat guztiz kezkagarria iruditu zaio: aitona bere kulero zahar batzuekin ikusi ez du ba, non eta etxeko oilategian! Etxekoei, ordea, ezin ezer esan: ama urduri samar dabil hipermerkatuko lana galdu zuenetik, aita eta neba axolagabe samarrak dira eta aitona jubilatua "Nik uste dut fabrikan bizi izandako oroitzapenak berritzen egoten dela baratzean. Eta amonak, hil zenean, utzi zion hutsunea arintzen."
Eta Maxe kezkatuta dabil aitonaren jokamoldearekin, eta pitzatzen hasia ote den ikusteko, psikologoarengana eta gero auskalo nora eramango duten ikusteko, zelatan hasiko zaio. Baina orduan are kezkatuago geratuko da aitonak kuleroak oilo bati jazten dizkiola ikusirik, eta ia hori bezain harrigarria dena: oiloari Jenobeba deitzen diola…
Istorio hori kontatzeko, arazo hori konpontzeko, Maxeren —Lertxundiren— hizkera esaldi laburrez eskaintzen zaigu, hitz joko eta onomatopeiez lagundua, naturarekiko konparazioz osatua, eta irakurketa bizi-bizia eta arina bideratzen du. Baina testua bezain irakurgarriak dira Antton Olariagaren ilustrazioak: batzuk nagusiak, beste batzuk xehetasunak jasotzen dituztenak, denak ere adierazgarriak eta oso sujerikorrak, eta testuan duten-dituzten kokapena-engatik original eta berritzaileak.
Hala eta guztiz ere, istorio nagusia argazki baten inguruan harilkatzen den arren, liburuak badu bigarren atal bat ere, "Nire albumeko beste argazki batzuk" izena duena. Atal honek, egilearen beraren Letrak kale kantoitik (Alberdania) liburua dakarkigu gogora, zeren biak ere modu arin batean tradizioa jaso eta harekin jolasteko ahalegin baten gisa uler baitaitezke. Argazki batzuen inguruan, Maxek —Lertxundik— azeriaren ezteiak, oilalurra, oiloipurdia… eta naturako antzeko esamoldeak argituko dizkigu, baina horrez gain, tradizioarekin jolas egin eta kantu bat asmatuko du, edo liburu bat aholkatu. Eta hementxe sortzen zaio galdera irakurleari: "Hiru txito eta ama oiloa" izeneko ataltxoan, esate baterako, aitonak kantu hori ezagutzen ote duen galdetzen dio Maxeri:
—Ikastolan ez al dizute horrelakorik irakasten?
Buruari eragin diot berriro. Ez!
Musika! Abesti zaharrak! Abesti berriak! Ut, ut, ut! Andereño Mari Builasi hori guztia denbora galtzea iruditzen zaio.
Baina buila egitea ez, hori ez da denbora galtzea.
Eta irakurleari sortzen zaion galdera honela azal daiteke: irakaskuntzan —edo etxean, edo telebistan…— tradizioa jasotzen ez bada, ez al da nabarmen samar edo lekuz kanpo geratzen ahalegin hori istorio bat kontatu ondoren? Ez al litzateke hobea izango tradizioa istorioan bertan txertatzea? Asmo didaktiko horrek ea al du pixka bat istorioa zapuzten? Eta horixe —funtsean tradizioaren galera ekiditeko moduak— da irakurleak erantzun beharko duen galdera.
Esanak esan, ezin uka liburu on eta berritzaile baten aurrean gaudela, eta solapetan Lertxundik eta Olariagak aipatzen dituzten zortea eta plazerra sentitu ditugula guk geuk ere. "Baina ororen gainetik, lagunak gara, eta —literaturaren— txakolinarekin bustitzen ditugu gure poz eta nekeak."
- Amagoia Iban, Egunkaria 2000ko otsailaren 19a, NIRE KULEROAK liburuari buruz hitz egiten haste aldera, lehenik argibide pare bat eman behar dira. Hasteko, lan hau marrazkilari eta idazle baten arteko sinbiosiaren emaitza da. Oraindik ere marrazkilariaren lana liburu batean idazlearenaren parera ez dela inoiz helduko dioenik badenez, liburu hau uste hori ezeztatzeko adibiderik berrienetako bat dugu.
Bigarrenik, liburuak jaso duen etiketa eta izan ditzakeen irakurleen adin guztien gainetik, Anjel Lertxundi izeneko idazlearen balio literarioaren beste adibide bat dugu. Literaturak ez duela edaderik, alegia. Eta hori hamaika aldiz esana dagoen arren, zoritxarrez oraindik gogoratu beharra dago. Beste behin esana dago beraz.
Behin bi koordenada horiek azalduta, idazten dizun irakurle honi
Nire kuleroak liburuak barruan marraztu dizkion zirriborroak aletzea onena. Hasteko, liburuko protagonista, Maxe neskatila, herrian dagoen baserri batean bizi da. Herri hori, ematen diren datu batzuen bitartez, Zarautz dela uler daiteke.
Maxeri argazki-makina bat oparitu berri diote eta asmatu du opari egileak, neska argazkiak atera eta atera hasten baita. Ateratako argazkietako batek jartzen du martxan hain zuzen ere istorio nagusia, Maxek aitona Txomin bere kulero batzuk eskuan dituela harrapatu baitu. Horrek guztiak Maxeri ematen dio zer pentsaturik, eta baita minik ere, amarekin, aitarekin eta anaiarekin dituen harremanak nahiko
tiranteak badira ere, aitonarekin primeran konpontzen baita Maxe. Telebista ikusi eta egunkaria irakurri besterik egiten ez duen aita, supermerkatuan lana galdu berri duen ama erretxindua eta anaia tontopaila bat ditu, bere ustez. Aitonak, aldiz, baserri giroko esan, pentsamendu eta jokamolde ezberdinak azaltzen dizkio, kantu eta txantxa artean, oilategiko eta baratzako lanen artean.
Maxek badu hala ere beste buruhausterik. Ikasgelan dituen lagunak, esaterako, ez dira bere maiteenak dirudienez.
Gure arteko askorena izan zitekeen orain artean kontatutako istorioa. Gure arteko askok horrelako herri, baserri eta familia girorik gabeko istorioak bizi dituzte. Eta horixe du mami eder Anjel Lertxundiren liburuak. Aitona Txomin trazdizio igorlea ez da Maxeren aitona bakarrik -aitona-amonek gurean tradizioa igortzeko bete izan duten rola gogoan-, bere esanak eta jardunak irakurriko dituen ororenak baizik. Hitz-jokoak, kantuak, Manexek hain ongi ikasi dizkion ezizenak jartzeko ohitura, oilategiko biztanleen gorabeherak, naturaren ezagutza... Helduentzako bere lanak irakurtzera ohitua dagoenak Lertxundiren umorea eta ahozko tradizioarekiko maitasunarekin egingo du topo beste bahin Nire kuleroak-en -liburuko azken zatian bada hainbat puntu interesgarri ildo horretan-, barre algarak sorraraziz zenbaitetan, barre txikiak sarritan.
Eta horretan guztian, Antton Olariagaren marrazkiek badute zerikusirik. Maxeren kuleroen abenturei irudi ezin hobea ematen die orrialdez orrialde. Hitzek bezainbeste barre txiki zein handi sortzen dituzte bere marrazkiek. Maxeren argazki-makinaren objetiboaren lanak betetzen ditu, eta argazkiek ez bezalako zertzelada erromantiko-errealistak emateko parada eskaintzen dio arkatzak bere lanari, Lertxundiren kontakizuna borobil ilustratu du. Liburu ederra, zentzu askotan.
- JAKINGARRIAK 44 Nire kuleroak liburuan Anjel Lertxundiren testua eta Antton Olariagaren irudiak aurkituko ditugu. Azpimagarriena bion arteko lotura estua da, ederto uztarturik agertzen zaizkigu-eta biak.
Argumentuari dagokionez, protagonistari, Maxeri, urtebetetze egunean argazki makina bat oparitu diote. Gustora dabil bizi den baserri inguruko bazterrak erretratatzen, bat-batean aitona zaharra bere kuleroekin oilategitik irteten ikusten duen arte. Hortxe hasten da intriga, neskatilak erotzen hasi ote den pentsatuko baitu. Liburua irakurri arte ez dugu jakingo aitonak zertarako erabiltzen dituen kuleroak.
Ipuinaren ostean, Maxen argazki albuma ikusteko aurkera izango dugu: argazki bakoitzaren azalpena, abesti eta hitz-jolasekin tratekatuz, istorioaren osagarri gisa agertzen da.
Esan daiteke liburu guztia orokorrean harturik, irakurleak nekazal giroan murgiltzeko aukera izango duela; egun desagertzear dauden hainbat ohitura gogoratzeko balio izan dezakeela.
Beraz, hemendik aurrera, sormen lan polita eta oparoa datorkigu “Maxe” bildumarekin. Plazer handia izango da horrelako diseinu txukuna eta edizio zainduan irakurtzea.