Izenburua: Nire arreba Aixa
Idazlea: Meri Torras
Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor
Itzultzailea: Patxi Zubizarreta
Argitaletxea: Elkarlanean
Urtea: 2001
Bilduma: Kuku
Orri kopurua: 44
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Nire arreba Aixa berezia da. Ez zen irten nire amaren sabeletik: hegazkinez etorri zitzaigun Afrikatik. Aixa oso trebea da gauza batzuetan; besteetan, berriz, ez hainbeste. Harriak jaurtitzen, adibidez, ez du parekorik: non jarri begia han jartzen du harria. Eta futbolean ere aparta da, nahiz eta makuluekin ibiltzen den, hanka bakarra duelako. Aixa ez da nire eskolako beste lagunen arreben modukoa. Baina oso jatorra da eta oso ongi pasatzen dugu elkarrekin.
- Xabier Etxaniz Erle, Egunkaria 2001eko urriaren 6a, Begia gehigarrian. Arnau izeneko mutiko gazte bat dugu istorio honetako narratzailea. Lehen pertsonan kontaturik, gaztetxo baten eguneroko edo idazlan gisa aurkezten zaigu: "Idazlan bat egiten dudanean, nik badakit hizkuntzako klasean gaudela, eta ez natur zientzietakoan". Horrela hasten da ipuina; hots, idazlan bat egingo dut nahiz eta hau ez izan hizkuntzako klasea, natur zientzietakoa baizik. Eta hain zuzen ugalketaren inguruan dituen kezkak eta horren inguruan Arnauk bizi duen esperientzia azaltzeko idazten digu ipuin hau. Aixa bere arrebaren istorioa kontatuko digu, eta irakurlea adopzioen munduan sartuko da hasieratik, Aixa ezagutu -ikusi- arte. Orduan, Aixaren ionik gabeko hanka ikustean, jauzi bat gertatzen da ipuinaren egituran; gerrak, gerrak, gizakien kontrako minak, hauek eragindako zauri larriak... eta mundu honetara moldatzeko dugun trebezia agertuko zaizkigu bat-batean.
Meri Torras idazle eta irakasle katalanak idatzitako lehen liburu honek irakurlea harrapatzeko moduko egitura du; apur-apurka jiraka kontu bat beste batekin lotuz harrapatzen zaitu, adopzioa, integrazioa, elbarritasuna... eta, azkenik, itxaropena. Haur baten ahotik kontaturiko istorio hau sinesgarria da erabat.
Istorio hunkigarria da, zalantzarik gabe, Meri Torrasen hau; 1999an Hospital San Joan de Déu saria eta Imserso saria irabazi zituen eta iaz CCEI saria. Testuaren eta irudiaren artean koordinazio handia dago eta biak bat eginda aurkezten zaizkigu, elkarren osagarri, eta edergarri. Alde horretatik, goraipatzekoa da Mikel Valverderen lana, ilustrazio egoki eta adierazgarriak eginez liburua are ederragoa egin baitu.
Arnau gaztetxoa dela esan dugu, eta bere hizkeran, bere pentsaeraz kontatzen digu istorioa edo, agian hobeto, historia. Arnau gizakiaren aurkako minen kontu mintzo da, baina baita injekzioak asmatu zituenaren kontra; bere metaforak erabiliko ditu, istorioa kontatzeko bere erritmoa, bere kezkak eta beldurrak, bere nahiak eta protagonismo errebindikazioa, baina, batez ere, Arnauk maitasun eta itxaropen kutsu handia duen istorio zoragarria kontatzen digu.
Eta gozamen horretan konplizea dugu, ezkutuan eta liburuan azaldu gabeko konplizea, Patxi Zubizarreta, bera izan baita La meva germana Aixa liburua hau ederki euskaratu duen pertsona. Guri, neurri batean bederen, Zubizarretaren beraren Usoa, hegan etorritako neskatoa, gogora ekarri digu liburuak. Usoa bezala, Aixa ere hegan etorritako neskatoa delako.
- Mondragon Unibertsitateak argitaratua Liburu honetan Arnauk bere arreba Aixaren historia kontatzen digu. Horretarako Arnau amaren sabelean zegoen garaiarekin eginiko konparazio batekin hasiko zaigu kontakizuna “Aixa hegazkinez Afrikatik etorritako neska baita”.
Mutiko gazte honek, bere bizipenetan oinarrituta, gozotasunez, adopzioen munduan murgilduko gaitu eta baita gizakien kontrako minen ondorio latzetan ere. Horrela, gaztetxoen hizkeran, apurka-apurka, adopzioa, integrazioa, elbarritasuna eta maitasuna garatuko dira kontakizunean zehar.
Meri Torrasek idatzi eta Mikel Valverdek ilustratutako liburu hunkigarria dugu “Nire arreba Aixa”.
Testu eta irudiaren osotasun paregabeaz gozatzeaz gain, itxaropenaren leihoa zabalduko zaigu irakurtzen dugun bitartean.